Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak batzar nagusia egin du Intsaustin

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 30a

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ordezkariak, larunbatean, Intsaustin. (EAE)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzordeko eta Madrilgo ordezkariak elkartu ziren larunbatean Insausti jauregian, eta besteak beste, iaz egindako jardueren memoriak eta abian jarri ziren proiektu berriak nabarmendu zituzten.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gobernu Batzordea Azkoitian bildu zen joan zen larunbatean, eta batzar nagusia ere egin zuen elkarteak. Hain zuzen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzordeko eta Madrilgo ordezkariak elkartu ziren Insausti jauregian.

Batzarrean, besteak beste, iaz egindako jardueren memoriak eta abian jarri ziren proiektu berriak nabarmendu zituzten; esaterako, foru abolizioaren 150. urteurrenaren ospakizuna. Aipamen berezia egin zieten "erreferentziazko" gaiei, hala nola adimen artifizialari, osasunari eta emakumearen rolari. Era berean, elkartearen argitalpenen digitalizazioaz ere aritu ziren, eta 1948tik euskaraz argitaratzen den elkartearen Egan aldizkari eta buletinari buruz ere hitz egin zuten. Gainera, Baionako Arte Eder, Letra eta Zientzien Akademiarekin duen harremana azpimarratu zen.

Bestalde, kontuak eta aurrekontuak onartu, Adiskide berriak izendatu eta azken hildakoak gogoratu zituzten, hala nola Fermin Leizaola etnografoa eta Antonio Oteiza eskultorea. Galde-eskaeren tartean, Kutxa fundazioak Donostiako Eureka zientzia museoa ixteak ekarriko lukeen "galera handiaz" aritu ziren.

Ignacio Arakistain eta Karmele Castillo musikariek pianoforte eta biolontxelo kontzertu "bikainarekin" borobildu zuten batzarra, eta kideen "anaitasun" bazkariak itxi zuen topaketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide