EH Bilduri Gaztetxearen aldeko borroka ez bereganatzeko erantzun dio AGAk

Aitziber Arzallus 2026ko martxoaren 29a

Azkoitiko Gaztetxean egunotan egin duten batzar bat. (AGA)

Besteak beste, Gaztetxe baten beharra mahai gainean jartzen denbora luzea daramatela nabarmendu dute AGAko kideek, eta gogora ekarri dute udala osatzen duten alderdi batek berak ere ez duela proposamenik egin; "beraz, orain ez etorri oportunismo politikoarekin", esan diote EH Bilduri.

Azkoitiko Gazte Asanbladako (AGA) kideek ostegun arratsaldean jakinarazi zuen garai batean Lidl supermerkatua egon zen eraikinaren zati bat hartu duela Gaztetxea izateko, eta auziak soka ekarri du. Ana Azkoitia alkatea izan zen oharra kaleratzen aurrena, epaitegian kaleratze agindua eskatzea proposatuko duela ohartaraziz, eta EH Bilduk ere gutun bat argitaratu zuen atzo, besteak beste, EAJren jarrera ulertezintzat joz eta elkarrizketarako deia eginez. AGAko kideek biei erantzun diete, atzo alkateari, eta orain, EH Bilduri.    

Hasteko, onartezintzat jo dute euren borroka eta izaera politikoa desitxuratzea. "EAJk egin duen bezala, zuek ere 'gazte talde' izendatu gaituzue. Gu Gazte Asanbladako militanteak gara, antolatuta gaude, eta zazpi urte daramatzagu lanean".

Kalean, Gaztetxearen beharra aldarrikatzen eta antolakuntza politikoa sustatzen eurak ibili direla nabarmendu dute; "eta ez zuek". "Orain ez etorri 30 urteko borroka aipatuz, horrela guk egindako lana zeuenganatzen baituzue". Gaztetxe baten beharra mahai gainean jartzen denbora luzea daramatela nabarmendu dute gazteek, eta gogora ekarri, udala osatzen duten alderdi batek berak ere ez duela proposamenik egin; "beraz, orain ez etorri oportunismo politikoarekin".

AGAko kideek okupatu duten eraikinerako epe motzean proiektu egingarririk eta adosturik ez dagoela aipatzen du EH Bilduk bere irakurketan. "Hala ere, ederki dakizue zuek egon badagoela proiektu bat martxan: Gaztetxearen proiektua", erantzun diote. "Hain zuzen ere, atzo goizean Gaztetxera gerturatu zinetenean argi ikusi zenuten zenbat jende dabilen dagoeneko proiektua egia bilakatzen eta egunero lanean".

Amore emateko prest ez daudela adierazi dute gazteek: "Alderdi politikoek gure bidea desitxuratzeko egiten dituzuen saiakeren aurrean, zailtasun guztiei aurre egiteko prest gaude, baita azken egunotan jasaten ari garen presio eta mehatxu polizialei ere (izan zipaio zein udaltzaingoen partetik)". Azken horren adibide bat jarri dute gainera. "Atzo udaltzaingo batek gutako bat identifikatu zuen propaganda politikoa jartzeagatik". Horiek horrela, EH Bilduri esan diote egun hauetan "argi" ikusiko dela irakurketan adierazitako babesa benetakoa den, edo hitzak haizeak eramango dituen.

Hori guztia esanda, herritarrei Gaztetxearen proiektua babesteko kalera ateratzeko deia egin diete, eta baita proiektuan parte hartzekoa ere. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiete asteburuan antolatu dituzten jardueretan parte hartu dutenei. "Denon artean, Gaztetxea aurrera aterako dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide