Erramu adarrak bedeinkatuta hasi dituzte Aste Santuko eliz ekintzak

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 29a

Eguraldi txarra tarteko, Andre Mariaren Jasokundearen parrokiaren aurrean bedeinkatu ditu Felix Azurmendi erretoreak herritarrek eskuetan zituzten erramu adarrak. Hainbat umek parte hartu dute ekitaldian, eta prozesio labur-laburra eginda –elizaren ate nagusitik atzeko atera joan dira–, meza nagusia hasi da.

Usadioari jarraituz, erramuak bedeinkatuta hasi dituzte hainbat herritarrek Aste Santuko Elizaren bueltako ekintzak. Erramu Eguna izanik, ohiko ekitaldiak egin dituzte, baina lekuz aldatuta; izan ere, eguraldi txarra tarteko, ez dute plazan egin erremu bedeinkatzea, ezta prozesioa ere.

Euriak atseden eman du 11:00 inguruan, dena den, eta Andre Mariaren Jasokundearen parrokiaren atarian elkartu dira hainbat lagun erramu adarrak eskuetan hartuta. Ordu horretantxe atera dira eliz atarira katekesia egiten ari diren hainbat haur, Gerrarik ez zioen pankarta hartuta. Haiekin batera irten du elizatik Felix Azurmendi erretoreak, eta herritarrek eskuetan zituzten erramu adarrak bedeinkatu ditu.

Prozesio motz-motza egin dute gaurkoan. Hain zuzen ere, elizaren ataritik parrokiaren atzeko atera joan dira haurrak, Azkoitiko parrokiako ordezkariak nahiz herritarrak. Parrokiara sartzearekin hasi da Azurmendik gidatutako meza nagusia, eta elizkizuna Jose Luis Frantsesena organistaren doinuek eta Parrokiako Abesbatzako kideen ahotsek lagunduta egin dute.

Ostegunetik aurrera, hitzoru gehiago

Ostegunean jarraituko dute Aste Santuko ekitaldiekin herrian, haurrekin eta gaztetxoekin parrokian egingo duten ospakizunarekin eta bisita gidatuarekin, mezarekin nahiz otoitzaldi isilarekin. Bisita gidatua, batez ere, umeei zuzendutakoa izango da, eta horiek parrokian diren prozesioko irudiak ikusteko abagunea izango dute.

Ostiralean, berriz, Aste Santuko hitzordu garrantzitsuenak izango dira Azkoitian: 17:00etan izango da Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, eta ondoren, 18:00 inguruan, hasiko da prozesioa; gauean, 21:30ean, berriz, Hilobirako Prozesio Santua egingo dute parrokiatik Jausoroko San Frantziskoren elizatxora edo Bakardadekoaren kaperara.

Egitaraua

Apirilak 2. Ostegun Santua.

  • 11:00. Haur eta gaztetxoentzat ospakizuna parrokian.
  • 17:00. Meza Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.
  • 19:00. Jesusen afariaren ospakizun meza parrokian, euskaraz.
  • 21:00. Otoitzaldi isila.

Apirilak 3. Ostiral Santua.

  • 09:00. Gogoetarako eta bisitarako eliza zabalduko da.
  • 11:00. Gurutze Bidea.
  • 16:00. Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.
  • 17:00. Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna euskaraz, parrokian, eta prozesioa, parrokiatik hasita.
  • 21:30. Hilobirako Prozesio Santua.

Apirilak 4. Pazko Bezpera. 

  • 21:00. Parrokian Pazko Gaubeila, euskaraz: sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.

Apirilak 5. Pazko Igandea. 

  • 11:00. Pazko meza nagusia. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide