Lehenik eta behin, nabarmendu behar da, aspaldidanik, 30 urtez gutxienez, adierazi dutela Azkoitiko gazteek haientzako gune baten beharra dagoela. Gazteentzako espazio autogestionatu baten falta agerikoa izan da urte luzez, eta udalak ez du behar hori behar bezala artatu; are gehiago, sarritan baztertu egin du eskaera hori.
Testuinguru horretan, gazte talde batek erabaki du jabetza publikokoa den eta erabilerarik gabe dagoen eraikin bat eskuratzea. Ez dugu ulertzen EAJren hasierako jarrera. Elkarrizketa abiatzea izan behar zuen gaiaren aurrean egin beharreko lehen pausoa, gazteen eta instituzioen arteko harremana bideratzeko eta irtenbide adostuak bilatzeko. Horixe da bide egokia gatazkak konpontzeko, eta ez konfrontazioa sustatzea. Gainera, kezkagarria iruditzen zaigu EAJk hartu duen tonu gogorra; epaitegietara jotzeko mehatxuekin, elkarrizketarako aukerak itxi besterik ez ditu egiten.
Azkenik, argi utzi nahi dugu, epe motzean proiektu egingarririk eta adosturik ez dagoen bitartean, lehentasuna izan behar dela gazteen eta inguruko bizilagunen segurtasuna eta elkarbizitza bermatzea. Era berean, auzolagunen atsedena eta ongizatea bermatu behar dira, auzoa zainduz eta errespetuz jokatuz.
Horretarako, ezinbestekoa da elkarrizketa bultzatzea eta gazteei alternatiba erreal eta duin bat eskaintzea. EH Bildu prest dago bide hori lantzeko eta konponbide eraikitzaileak bilatzeko, beti ere gazteen beharrak eta herriaren interes orokorra erdigunean jarriz.