Mehatxuak alboratzeko eta Gaztetxeari bidea egiten uzteko eskatu du AGAk

Aitziber Arzallus 2026ko martxoaren 28a

Egunotan egin duten batzarretako bat, Azkoitiko Gaztetxean. (Azkoitiko Gazte Asanblada)

Atzo arratsaldean Ana Azkoitiak epaitegian kaleratze agindua eskatzearen alde egingo duela ohartarazi eta gero, Azkoitiko Gazte Asanbladaren (AGA) erantzuna etorri da. Auziak irtenbide politikoa behar duela adierazi dute gazteek, eta eurak behin baino gehiagotan saiatu diren arren, instituzioek "utzikeria" baino ez dutela erakutsi. Beraz, orain, bakean uzteko eta mehatxuak alboratzeko eskatu diete alkateari, udalari eta eragile politiko guztiei, bai Gazte Asanbladak eta bai Gaztetxeak euren bidea egin nahi dutelako.  

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) ostegun arratsaldean jakinarazi zuen garai batean Lidl supermerkatua kokatuta egon zen Julio Urkixo etorbideko eraikinaren goiko solairua hartu duela, Azkoitiko Gaztetxea izateko, eta atzo, ostirala, Ana Azkoitia alkateak gazteei ohartarazi zien epaitegian kaleratze agindua eskatzea proposatuko duela astelehenean, Azkoitia Lantzenen Kontseiluan. Izan ere, Azkoitiko Udalaren Azkoitia Lantzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorlur sozietate publikoena da okupatu duten eraikina, eta Ana Azkoitia da Azkoitia Lantzenen presidentea. 

Gazteak ez dira isilik geratu alkatearen esanen aurrean, atzo argitaratu zuen oharrak "norabide argia" markatzen duela iritzita: "Mehatxuen bidez gazteria beldurtzea eta dimentsio politikoak dituen gai bat, gaztetxearen auzia, epaitegietan kudeatzea irtenbide politiko (zentzuzko irtenbide) bat eman beharrean".

AGAren ustetan, legea ezin dela urratu bezalako baieztapenekin, "problematika sinplifikatu eta ikuspegi juridiko batera mugatu" nahi du alkateak, eta benetako eztabaida estali: "Herriko gazteok antolatzeko dugun espazio baten falta!". Abiapuntua "argia" dela diote gazteek: "Espazioa udalarena da, eta zazpi urtez abandonatuta egon da, hutsik, zikin eta erabat utzita, bertan bizi zirenak kanporatu zituztenetik".

AGAko kideek gogora ekarri dute behin baino gehiagotan bildu direla alkatearekin eta zinegotziekin gaiari irtenbidea topatzeko. "Bilera batean udal eraikinen zerrenda batekin etorri ziren eta, espazioak banan-banan ikusita, esan ziguten horietako bat ere ez zegoela hutsik, beraien erantzukizun politikoa alde batera utziz". Orain, ordea, "espazio egoki bat" aurkitu dute diote, "gainera publikoa dena", eta "orain hasi da, ustez, 'arazoa'".

Gazteen usteetan, "argi" geratu da zein den egoera: "Instituzioek utzikeria baino ez dute erakutsi, eta gazteok gure kabuz egin dugu bidea". Espazioa txukundu dutela, biziberritu dutela eta eduki eta jardueraz bete nahi dutela eta beteko dutela ziurtatu du.

Gainera, kuriosotzat jo dute alkateak nola aurkeztu dituen: "'Gazte talde bat' edo 'okupak' bezala, eta ez Azkoitiko Gazte Asanblada. Une oro despertsonifikatzen gaitu, eta ez gaitu herritartzat hartzen (komeni ez zaiolako noski). Ez gara zerutik erori den arazo bat. Herri honen parte gara eta urteak daramatzagu problematika hau mahai gainean jartzen eta aterabidea ematen saiatzen". Entzungor egin beharrean korapiloa askatzeko pausoak emateak denen ardura politikoa izan behar lukeela uste dute gazteek. "Gu bide horretan ari gara lanean, baina badirudi alderdi politikoek kalkulu elektoralei gehiago begiratzen dietela gazteok antolakuntza politikorako ditugun baldintzei baino".

Bestalde, kezkagarriak iruditu zaizkie alkatearen mezua eta hark erabilitako hizkuntza. "Eraikina borondatez uzten ez bada, gure borondatearen aurka hustuko dela adierazi du; biolentziaren erabileraz ari da? Zipaioak herriko gazteak jipoitzera bidaliko dituela?", galdetu dute. Eta garbi utzi dute zeintzuk diren euren asmoak: "Ba guk ez dugu inolako asmorik hemendik mugitzeko, eta mugitzen bagaituzue zuek inposatutako formetan izango da. Esan bezala, entzungor egin duzue urteetan eta geure bidea eginez heldu gara Gaztetxe bat eskuratzera".

Alkateak bizilagunei egindako erreferentziaz ere eman dute iritzia gazteek. "Ezin dugu aipatu gabe utzi alkateak bizilagunez egin duen erabilpen zikina gaiaren fokua desbideratu eta bere idatzia norbaiti zuzentzen ariko balitzaio bezala egiteko". Inguruko bizilagunekin harreman onak izateko interes handiena dutenak eurak direla baieztatu dute, eta horregatik, gaiari lehentasuna eman diotela eta "elkarbizitzarako eta harreman osasuntsuak izateko" urratsak egiten hasi direla. "Horren ondorio izan dira asanbladan gaia jorratu izana eta lehen kontaktua nola egin zitekeen pentsatu eta egin izana. Ahal izan dugun etxebizitzetako buzoietan azalpen esku orriak utzi ditugu, eta ezin izan dugunetan, portalean utzi dugu abisua".

AGAk eskaera bat eginez amaitu du oharra: "Eskatzen duguna oso sinplea da: bakean utz gaitzatela, eta alkateak, udalak eta eragile politiko guztiek Gazte Asanbladari eta Gaztetxeari beren bidea egiten utz diezaietela, zipaio eta epaitegi mehatxuak alde batera utzita".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide