Atzo arratsaldean ekin zioten aurtengo Geure Gelatik azokari Elkarguneko Oteiza aretoan, Yolanda Arrieta omenduta, eta gaur, azokaren bigarren egunean, emakume idazleen liburuak erosteko aukeraz gain, haietako batzuk kaleratu berri dituzten liburuak aurkezten entzuteko aukera ere izan dute herritarrek.
Hain zuzen ere, aurrena, Katixa Agirrek Barne zerbitzuak liburuaz jardun du, Irene Elortzak lagunduta, eta ondoren, Edurne Lazkanok eta Gema Lopezek Terraza debekatua eta Barazkijalea liburuak izan dituzte hizketagai, Aitor Arrutik gidatu duen solasaldian.
Bihar izango da Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen azokaren hirugarren eta azken eguna, eta biharkoan, goizez bakarrik zabalduko dituzte Oteiza aretoko ateak. 11:00etan hasita, Onintza Enbeitak Bizitza baten txatalak liburua aurkeztuko du Josune Herrartek lagunduta, eta 12:00etan, 2025eko 2 minutu lehiaketan saritutako lanen irakurketari ekingo diote. Horrekin bukatuko dute azokaren aurtengo edizioa.