GUTUNA

Beste behin ere, bejondeigula, Urola!

Urolako AEK 2026ko martxoaren 29a

Kuadrilla bateko hainbat kide atzo, Azkoitian, lekukoa eramaten. (AEK)

Urolako AEK-ko kideek honako gutun hau bidali dute Korrika eskualdetik igarotako biharamunean. Jendetza bildu zuen atzo euskararen aldeko egitasmoak Errezilgo, Azpeitiko, Zestoako nahiz Azkoitiko lurretan, eta esker hitzak izan dituzte AEK-koek herritarrentzat.

Ez da erraza hitz egokiak topatzea. Alimalekoa, kolosala... eta hala ere, motz geratzen gara. Euskara gara, eta harro gaude! Bihotz-bihotzez, eskerrik asko!

Oraindik emozioak pil-pilean ditugu, eta ez dugu guztiz asimilatu atzokoa. Hala ere, garbi duguna zera da: mundialak zarete, mundialak gara! Zorion eta esker mezuak jasotzen ari garen honetan, bueltan eman nahi dizkizuegu. Zorionak eta eskerrik asko, Urolako herritarroi, Korrikaren olatu erraldoia osatu duzuelako. Baina zorionak, bereziki, Korrika batzordeetan buru-belarri aritu zaretenoi, zuen laguntzarik gabe ez litzatekeelako posible izango atzoko zorakeria zoragarria. Eta gertatu zen, zuei esker gertatu ere! Eskerrik asko, era berean, modu batean edo bestean 24. Korrikan parte hartu duzuen guztioi.

Bestalde, eskerrik asko AEK-ko ikasleoi Euskal Herria euskalduntzen laguntzeagatik, eta eskerrik asko, azken egunetan gurekin izan duzuen pazientziagatik. Onenak zarete!

Guztion artean lortuko dugu Euskal Herri euskalduna. Horretarako, ordea, lanean jarraitu beharko dugu. Oldarraldi guztiei aurre egiteko indarra beharko dugu; denon indarrak batu eta hortzak erakustea dagokigu orain.

Inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu: euskara gara!

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide