Buruz buruko pilota txapelketaren final laurdenetako ligaxkako partidak jokatuko dituzte apirilaren 10ean, ostiralez, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Lehen mailako eta bigarren mailako txapelketen partida bana izango da herrian, 20:45ean hasita.
Asteburu honetan bertan hasiko da txapelketa, lehen aurre-kanporaketak jokatuta. Hori hala, oraindik zehaztu gabe daude Azkoitian jokatuko dituzten partidak. Dena den, lehen mailako txapelketari dagokion partidako protagonista bat jakinarazi dute dagoeneko zein den: Iñaki Artola iazko txapeldunordea Gurean izango da.
Jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude; Entradas Fronton webgunean eskuratu daitezke aurrez. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute, eta goiko harmailakoek eta errebotekoek, 25 euro. Dena den, egunean bertan Gureako leihatilan ere salduko dituzte sarrerak, baldin eta aurrez agortzen ez badira.