Aste Santuaren ostean hasiko dira Xabier Munibe haurreskolako berdegunea egokitzeko lanekin

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 25a

Haurreskolaren ataria eta berdegunea.

Haurreskolaren berdegunea ez dute erabiltzen egun, ez delako irisgarria. Ondorioz, arrapala eraikiko dute, eta berdegunea egokitu ere bai. Bi hilabeteko epean bukatuko dituzte lanak.

Xabier Munibe haurreskolako berdegunea egokitzeko lanak Aste Santu ostean hasiko ditu udalak. Egunotan hesituko eta prestatuko dute eremua, eta oporralditik bueltan egingo dituzte gunea erabilgarri bilakatzeko obrak. Dena den, udalak azaldu duenez, lanek ez diete eragozpenik eragingo ez haurrei, ez inguruko bizilagunei.

Gaur egun haurreskolaren berdegunea ez dute erabiltzen, ez delako irisgarria. Hori dela eta, arrapala eraikiko dute, eta berdegunea egokitu ere bai. Hain zuzen ere, hainbat jolas eta altzari jarriko dituzte eremu horretan. Lanek 138.898 euroko aurrekontua izango dute, eta bi hilabetean bukatzea aurreikusten dute.

Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, aspaldiko eskaria da haurreskolaren berdegunea egokitzea. "2017an, bi estalki jarri ziren haurrek egunero kanpoaldera ateratzeko aukera izan zezaten, baina orain berdegunea ere erabili ahal izatea nahi dugu", esan du hark. Xabier Munibe haurreskolan 63 haur ibiltzen dira egun, eta Arregiren arabera, instalazio hobeekin, zerbitzu hobea eskainiko dute. "Pena zen berdegunea alferrik galtzea, eta esku hartze horri esker, berdegunea erabilgarria, irisgarria eta atseginda izango da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide