Elkar Laguntza programa aurkeztu dute jendaurrean

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 25a

Elkarguneko Oteiza aretoan aurkeztu zuten programa. (Azkoitiko Udala)

Buru osasun arazoak izan, baina dagoeneko egoera horretatik errekuperatuta dagoen norbaitek, halako egoeraren bat bizitzen ari diren pertsonei laguntza eskaintzea da programaren helburua. Parte hartu nahi dutenek udalaren Gizarte Zerbitzuetan eman dezakete izena.

Buru osasunari lotutako arazoak dituzten pertsonei zuzendutako Elkar Laguntza programa abiatzear dute Azkoitian.

Agifes, Buru Osasun Arazoak dituzten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteko kolaboratzaile talde batek bultzatu du ekimena, eta udalarekin elkarlanean, Aste Santuko oporraldiaren ostean jarriko dute programa martxan.

Buru osasun arazoak izan, baina dagoeneko egoera horretatik errekuperatuta dagoen norbaitek, halako egoeraren bat bizitzen ari diren pertsonei laguntza eskaintzea da programaren helburua. "Laguntzeko dagoen pertsona hori buru osasuneko arazo batetik igaro den bidelaguna izango da, eta harekin era guztietako emozioak, kontuak nahiz kezkak partekatzeko aukera egongo da", esan zuten. Laguntza eskainiko duen pertsona horri laguntza agente deituko diote. Hala, taldean bilduko dira laguntza agentea eta buru osasunari lotutako arazoren bat duten herritarrak. 

Hain justu, Udalak azaldu duenez, Elkar Laguntza taldean parte hartu nahi dutenek udalaren Gizarte Zerbitzuetan eman dezakete izena. Izen emate kopuruaren arabera, aurrerago zehaztuko dute laguntza saio horiek non eta noiz izango diren. 

Programako ordezkariak, aurkezpena hasi baino lehen. (Azkoitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide