Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Parrokiak antolatuta, Urretxuko Goiargi abesbatzak kontzertua emango du etzi, zapatua, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian (20:00). Kontzertu sakroa izango da haiek emango dutena, eta guztira, 11 abesti abestuko dituzte, guztiak konpositore desberdinenak.
Goiargi abesbatza 1982an sortu zen Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa); hasiera batean ahots zurien talde gisa aurkeztu zen taldea, Antonio Reyren zuzendaritzapean. 1984an, ordea, taldea ahots nahasien abesbatza bihurtu zen Xabier Barriola gidari hartuta. 1993az geroztik, Javier Arratibel da musika zuzendaria, eta zapatuan ere hark zuzenduta ariko dira Azkoitian.
Bere ibilbideko lau hamarkadetan abesbatzak lehiaketetan eta topaketetan parte hartu du. Lehen urteetan, taldeak hainbat sari lortu zituen: lehen saria jaso zuten 1988an Ejea de los Caballerosen (Espainia) eta Avilesen (Espainia) Lehiaketan (1988).
Gaur egun, Goiargi abesbatza egokitzapen eta berrikuntza prozesu betean dago murgilduta. Inguruko abesbatza tradizioa bizirik mantentzeko ilusioz, taldeak ahots berriak integratu ditu, kide beteranoen konpromisoarekin bat eginez. "Ireki den etapa berri horrek gure urteko jardunaren jarraipena ahalbideratu du, kide berrien ikaskuntza eta urteetan zehar metatutako esperientzia uztartuz", adierazi dute.
Hona hemen zapatuko kontzerturako prestatu duten programa:
- Laudate Nomen Domini (Tye)
- O bone Jesu (Antxieta)
- Ubi Caritas (Gjeilo)
- O sacrum convivium (Molfino)
- O lux beata Trinitas (Makor)
- Ave verum (Stopford)
- Crucifixus (Lotti)
- O crux ave (Dubra)
- Ave Maria (Elberdin)
- Ave Regina Caelorum (Garau)
- God be with you till we meet again (Tomer)