Azkoitiko Udala Azkoitia tentsio handiko eremu izendatzeko ekintza plana osatzen ari da. Erakundeak kaleratu berri duen Kontzejupetik udal aldizkarian jaso du berria. Udalak berak egin behar dio eskaera formala Eusko Jaurlaritzari, baina eskaera hori egin ahal izateko udalak nahitaez landu behar ditu aurrez diagnostikoa edo justifikazio memoria eta ekintza plana. Erakundeak azaldu du diagnostikoaren lanketa egina duela, eta beraz, azken fasean sartuta direla egun.
Eusko Jaurlaritzak bi irizpide erabili zituen udalerriei izendapen hori emateko, eta bietakoren bat betez gero, izendapena lortzeko aukera eskaini zien: baldintzetako bat da alokairuen prezioen igoerak azken bost urteotan KPI gehi hiru puntu gainditu izana, eta beste baldintza da alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuek etxeko diru sarreren %30 gainditu izana. Azkoitiak lehen baldintza betetzen du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak iazko apirilean kaleratu zuen txostenaren arabera.
Udalak adierazi du etxebizitzaren premia "arazo" bihurtu dela bazter denetan. "Konponbidea ematea zaila den arren, pixkanaka udala eta udalaz gaindiko erakundeak neurriak hartzen ari dira, izan dezaketen eraginkortasuna oraindik ikusteko badago ere. Oraingoz, eskaintza eta beharrak ez datoz bat", esan du udalak.
Eremu edo herri bat tentsio handikoa izendatuz gero, besteak beste, kontratua amaitzear duten errentariek kontratua baldintza berdinetan luzatzeko aukera izango lukete. Errentari berriei, berriz, alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren errentara mugatuko litzaieke. Bestalde, azken bost urteetan alokatu gabe egon den etxe bat jabeak alokairura atera nahiko balu, erreferentziazko prezioen indizeetara mugatu beharko luke errenta.