Ion Arruti laikotasunaren nortasunaz eta misioaz arituko da datozen egunetan, parrokian

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 22a

Parrokian duela urte batzuk egindako hitzaldi bateko irudia. (Utzitakoa)

Bihar, etzi eta ostegunean izango dira hitzaldiak parrokian bertan. Bestalde, ostiralean, San Frantziskoko kaperan meza izango da, eta zapatuan, Arantzazuko santutegira erromesaldian joateko Donostiako Elizbarrutiak egin duen deialdiarekin bat egingo dute.

Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko Parrokiak antolatuta, hitzaldiak izango dira parrokian bertan bihar, astelehena, etzi, asteartea eta ostegunean, hilaren 26an. Garizumari lotutako hitzaldiak izango dira, eta hiru egunetako hitzorduak 19:00etan hasiko dira. Hain justu, Ion Arruti laikoa izango da hizlaria; eskola katolikoetan irakaskuntzako gotzain ordezkaria da Arruti, eta hark Laikoaren nortasuna eta misioa elizan nahiz munduan hitzaldia eskainiko du.

Bestalde, datorren zapatuan egingo du parrokiko taldeak erromesaldia Arantzazuko santutegira. Donostiako Elizbarrutiak egindako deialdiarekin bat egingo dute Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko Parrokiakoek, eta hara joateko autobusa ari dira antolatzen bailaran. Autobus hori santutegi atariko aparkalekuraino joango da, bidea oinez egin ezin dutenei laguntzeko. Autobusean izena emateko epea zabalik dago parrokiako sakristian edota Kale Nagusiko Aranbarri drogerian. 

Erromesaldia egin baino egun bat lehenago, ordea, ostiralean, Ama Nahigabetuaren oroimenezko meza egingo dute Jausoro auzoan dagoen San Frantzisko ermitako kaperan. 10:00etan hasiko da meza hori. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide