Urola Erdiko segurtasun erronkak aztertu dituzte Basque segurtasun foroan

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 18a

Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, astelehenean, Elkargunean. (Irekia)

Elkarbizitza indartzeko eta erakundeen zein tokiko eragileen arteko koordinazioa hobetzeko helburua izan zuen astelehenean Elkarguneko Intsausti plaza aretoan egin zuten bileran. Eskualdeko 35 ordezkari izan ziren bileran, baita Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia ere.

Basque segurtasun foroaren 20. bilera egin zuen herenegun, astelehena, Elkarguneko Intsausti aretoan. Urola Erdiak segurtasun alorrean dituen erronkak izan zituzten aztergai partaideek. Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Bidania-Goiazko, Errezilgo eta Zestoako 35 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten topaketan, baina baita Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritako Segurtasun sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere. Aipatu udaletako alkateek eta zinegotziek ere parte hartu zuten asteleheneko saioan, baita auzo elkarteetako, garapen agentzietako, enpresetako, Ertzaintzako, udaltzaingoetako eta Babes Zibileko arduradunek ere.

Eskualdeak segurtasunaren alorrean duen egoeraz diagnostikoa, esperientzia eta proposamenak egin zituzten parte hartzaileek. Bileran ikuspegi desberdinak partekatu zituzten, elkarbizitza indartzeko eta erakundeen zein tokiko eragileen arteko koordinazioa hobetzeko helburuarekin. Hala, ikuspegi polizial soila gaindituz, prebentzio ikuspegiak ere txertatu zituzten.

Asteleheneko topaketan landu zituzten gaien artean nabarmendu zituzten, besteak beste, larrialdien kudeaketa, ziberdelinkuentzia, emakumeen aurkako indarkeria, bide segurtasuna, droga kontsumoa eta klima aldaketa. Gainera, gai horiek guztiek Urola Erdian eta eskualdeko herritarrengan dituzten ondorioak ere hizpide izan zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide