Taldez Talde emanaldi bateratua, mende laurdeneko ibilia omentzeko

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 15a

Taldez-talde egitasmoaren 25. urteurrena ospatzeko, emanaldi berezia eskaini dute gaur Baztartxo antzokian Bizkargi musika eskolako ikasleek, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Musika Bandak. Hiru eragileen elkarlanetik sortutako saioa ikustera jendetza hurbildu da, eta musikaz, kantuz eta dantzaz bete dute antzokia.

Taldez-talde egitasmoaren 25. urteurrena ospatzeko, emanaldi bateratua eskaini dute Bizkargi musika eskolako ikasleek, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Musika Bandak gaur, igandea, Baztartxo antzokian. 12:30ean hasi da emanaldia, eta egitasmoaren mende laurdeneko ibilia omentzeko, jendetza elkartu da han. 

Azken urteetan, ohikoa izan da martxoko hiru asteburutan halako emanaldiak plazako Kontzejupean ikustea, baina, aurten, Baztartxon eta formatu bateratuan eskaini dute jaialdia, 25 urte egiteak halakorik merezi duela erabakita. Bizkargi eskolak, Iraurgi abesbatzak eta musika bandak elkarlanean prestatutako emanaldia izan da gaurkoa, eta hura ikustera joan diren herritarrek gogotik gozatu dute saioarekin, eta nola ez, txalo artean hartu dituzte protagonista guztiak. 

Guztira, zortzi abesti eskaini dituzte, izan bakarka edo taldean, Carlos Muñoz bandako eta Iñaki Maidagan Iraurgi abesbatzako zuzendariek zuzenduta. Hauek izan dira gaur Baztartxon eskaini dituzten abestiak: Loretxoa, Mendian gora haritza, Itsasoa gara, Erre zenituzten, Toyland Suite, Lantzeko zortzikoa, Afrika eta Ilargi berriak. Bizkargi eskolakoen lana bistaratzea xede du egitasmoak, eta hori hala, musika joz, dantza eginez edota koruan abestuz parte hartu dute hango ikasleek. Azken 24 urteetan bezala Iraurgi abesbatzako eta musika bandako ordezkariak izan dituzte haiek bidelagun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide