I. Hike Praktikak egitasmoa abiatu dute hitanoan trebatzeko

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 13a

Hainbat lagun, solasean. (Pixabay)

Ekainera bitartean, I. Hike Praktikak egitasmoaren barruko lau saio egingo dituzte Elkargunean. Xabier Eizagirrek bideratuko ditu saio horiek, eta parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik izango. 

Hitanoan trebatzea nahi dutenek horretarako aukera izango dute Azkoitian, ekainera bitartean. Udaleko Euskara sailak eta Hike eizan! taldeak I. Hike Praktikak egitasmoa jarri dute martxan, Mutil eta neska, toka eta noka Azkoittiko hike, jo ta ke lelopean. 

Xabier Eizagirre euskaltzaleak bideratuko ditu saio horiek; izan ere, hura ikastetxez ikastetxe ibili ohi da ikasleei hitanoa erakusten. Guztira, lau saio eskainiko ditu hark Elkarguneko Altzibar edo Oteiza aretoan, 18:30etik 20:00era. Honako egun hauetan izango dira: martxoaren 16an, apirilaren 21ean, maiatzaren 19an eta ekainaren 16an. Ikastaroa doakoa da, eta gainera, bertan parte hartzeko interesa dutenek ez dute izenik eman beharko aldez aurretik. 

Eizagirrek modu honetan egin die herritarrei hitanoan trebatzeko saioetan parte hartzeko gonbidapena: "Atzera zijun/zijuk denborien poderixuen, geure euskerien lagunarteko tratamendue, hike, Azkoittixen: neskan artien hike-erabilera galtzen eta mutilen artien asko murrizten. Ba, eguneroko euskerazko komunikazixuen ahal dan hiztun osuenak izetiek, zuke eta hike ondo erabiltziek, bere inportantzixe baduenez, konbidaute hao irakasle, guraso, herritar hori hike-praktika hauetara". 

Hitanoa sustatzeko eta indartzeko azken urteetan egindako "ahaleginaren" barruan kokatu du udalak egitasmo berria. Erakundeak, besteak beste, lanketa horren barruan argitaratu ditu Azkoittiko Hike Poltsikun liburuxka eta Appa Hi aplikazioa. Marijose Arregi Euskara zinegotziarentzat "garrantzitsua" da tokari eta nokari eustea, eta horretarako "esfortzua" egin behar dela adierazi du, hikaren erabilera "atzeraka" doala ohartaraztearekin batera. Era berean, zinegotziak eskertu egin du Eizagirrek bere ezagutza gainerako herritarrekin elkarbanatzeko erakutsi duen prestutasuna. "Ezin dugu gure ahozko ondarea galdu. Horregatik, euskararekiko sentsibilizazioa duen oro saioetan parte hartzera animatu nahi dugu".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide