Anaitasuna mendi bazkunak zehaztu du uztailera arteko egutegia

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 13a

Ekaineko lehen zapatuan egingo dute Zazpi Kurutze mendi martxa.

Uztailaren lehen asteburura bitartean gauzatzeko hamar hitzordu ditu prestatuta Anaitasuna mendi bazkunak. Film emanaldiak, hitzaldiak, mendi ibilaldiak eta irteerak egingo dituzte datozen asteetan. Ekintza bakoitzaren data gerturatu ahala eskainiko du mendi taldeak horiei buruzko informazio zehatzagoa. 

Anaitasuna mendi bazkunak datozen asteetarako hainbat eta hainbat ekintza ditu antolatuta, eta mendi taldeak iragarri du zein den uztailaren hasierara arteko egutegia. Azken urteetako bideari jarraiki, mendizaleek askotariko egitasmoak egiteko aukera izango dute Anaitasunaren eskutik.

Mendi bazkunak oraingoz informazio orokorra eman du, eta ekintza gauzatuko den data gerturatu ahala eskainiko du informazio zehatzagoa. Datorren igandean, batetik, Eskolarteko 38. Mendi Lehiaketako Ibilaldi Neurtua egingo dute Gipuzkoako zenbait ikastetxetako ikasleek. Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin antolatu du Anaitasunak igandeko hitzordua. 

Apirilerako, berriz, bi hitzordu zehaztu dituzte, biak Aste Santu osterako. Apirilaren 17an, ostiralez, Mendi Tour jaialdiaren emanaldia izango da, eta apirilaren 18an, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko irteera. Maiatzeko lehen igandearekin bat, hil horren 3an ospatuko dute herriko mendizaleek Kakuetako Eguna. Ordea, maiatzean zehar hitzordu asko izango dituzte: Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko irteera egingo dute, maiatzaren 16an; Ikaskiroleko saioa egingo dute eskoletako haurrekin, maiatzaren 23an; eta hitzaldi bat antolatu dute, maiatzaren 29rako. 

Ekainari ekiteko, bestalde, Zazpi Kurutze mendi martxa izango dute. Aurten, ekaineko lehen zapatuan ospatuko dute mendizaleek herriko zazpi mendi tontor lotzea xede duen egitasmoa. Ekainaren 20an, berriz, haurrei zuzendutako eskalada tailerra egingo dute. Uztaileko lehen asteburuan, azkenik, Pirinioetara irteera egingo dute.  

Hona hemen uztailera bitarte Anaitasunak prestatu duten egutegia:

  • Martxoak 15, igandea: Eskolarteko 38. Mendi Lehiaketako Ibilaldi Neurtua.
  • Apirilak 17, ostirala: Mendi Tour jaialdia.
  • Apirilak 18, larunbata: Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko irteera.
  • Maiatzak 3, igandea: Kakuetako Eguna.
  • Maiatzak 16, larunbata: Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko irteera.
  • Maiatzak 23, larunbata: Ikaskiroleko saioa.
  • Maiatzak 29, ostirala: hitzaldia.
  • Ekainak 6, larunbata: Zazpi Kurutze mendi martxa.
  • Ekainak 20, larunbata: haurren eskalada.
  • Uztailak 4 eta 5, larunbata eta igandea: Pirinioetara irteera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide