Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) antolatuta, I. Kirol Egunak egingo dituzte bihar eta etzi artean, Azkoitian. Herrian bizia duten kirolei, kirol eragile txikiei eta bestelakoei "ikusgarritasuna" emateko asmoz antolatu ditu AGAk lehendabizikoz Kirol Egunak.
Bihar arratsaldetik gauera bitartean eta zapatuan goizez nahiz arratsaldez egingo dituzte ekintzak. Gaur, 19:45ean jokatuko dute lehen finalerdia: Eneko Sarasua-Enara Salgado eta Odei Irigoien-Ihintza Imaz bikoteek jokatuko dute. Bihar, berriz, 17:30ean hasita jokatuko dute bigarren finalerdia: Iñigo Uria-Clara Eizagirre eta Diana Soares-Jokin Altuna bikoteek jokatuko dute.
AGAkoek aldarrikatu dute kirola ezinbesteko aisialdi ekintza dela, baina, era berean, horren eskaintza herrian "gero eta garestiagoa" dela salatu dute. "Kirolak gazte langile guztientzat irisgarria izan beharko lukeela uste dugu", adierazi dute. Era berean, AGAk Kirol Egunak baliatuko ditu gaztetxea aldarrikatzeko. "Bereziki azpimarratu nahi dugu ekintza horiek guztiak herriko kaleetan zehar egitearen arrazoi nagusia gaztetxe baten faltak eragiten duela. Gure aldarrikapenak kalean egin nahi ditugu, gaztetxe batek gazteriari, eta oro har, herriari, asko eskaini diezaiokeela erakusteko".
Gazte asanbladakoek ekintza guztiak herriko plazan egitea aurreikusten dute, baina nabarmendu dute posible dela eguraldi txarraren eraginez hitzorduak lekualdatzea. Nolanahi ere, ekintzetan parte hartu nahi dutenentzat edo haiek ikustera bertaratu nahi dutenentzat herriko plazan jarri dute topalekua; alegia, herriko plazatik elkarrekin joango dira kirol hitzordua gauzatuko duten gunera.
Hona hemen datozen bi egunetarako egitaraua:
Bihar, ostirala
- 17:30. Pala txapelketaren finalerdiak.
- 18:00. Dantza ikuskizuna, Enara dantza eskolakoen eskutik.
- 21:00. K-1 borroka kirolaren erakustaldia. Afaltzeko aukera ere izango da orduan.
Etzi, zapatua
- 11:00. Eskalada eta kalistenia tailerrak.
- 18:00. AGAko pala txapelketaren finala.