Urbanuek autobus berria estreinatu du

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 6a

Urbanueren autobus berria. (Azkoitiko Udala)

Autobus berria hibridoa da, eta 32 plaza ditu guztira. Ibilgailu berriarekin ibilbide zati bat aldatu egingo dute, baina geralekuak orain arteko lekuetan egongo dira. Autobusaren aurkezpenarekin batera, iaz Urbanuek izandako bidaiarien kopurua ezagutarazi du udalak; 2025ean 34.480 bidaiari izan zituen.

Urbanue Azkoitiko garraio publikoak autobus berri batekin eskainiko du zerbitzua. Udalak jakinarazi duenez, hibridoa eta irisgarria da autobus berria, eta 32 plaza ditu guztira, 20 pertsona eserita eta beste 12 zutik joateko aukera eskaintzen baitu. 

Urbanuek hiru ibilbide ditu ezarrita herrian. Ibilgailu berri honekin, lerroetako bateko ibilbidea zertxobait aldatu beharko du, zehazki, Oteiza pilotalekuetatik igarotzen dena. Izan ere, bere tamaina dela eta, autobus berriak ezin du zuzenean Martin Deuna kaletik frontoietara joan; ondorioz, Altzibarretik sartuko da. Urbanueren geralekuak orain arteko puntu berberetan egongo dira. 

Udalak jakinarazi duenez, autobus berriarekin Urbanuek kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraituko du. 

34.480 bidaiari, 2025ean

Udalak ezagutarazi dituen datuen arabera, aurtengo urtarrilean 2.575 bidaiari erregistratu ditu Azkoitiko herri barruko garraio zerbitzuak. Horietatik 377 beren ikastetxeetara joateko zerbitzua erabili duten haurrak izan dira. 2025ean, berriz, Urbanuek 34.480 bidaiari izan zituen, hau da, hilean batez beste 2.873 bidaiarik erabili zuten autobusa iaz. Bidaiari gehien iazko urrian izan ziren, orotara 3.540, eta erabiltzaile gutxien abuztuan zenbatu ziren, 1.453 bidaiari, hain justu.

"Onuragarria da Azkoitia bezalako udalerri batean herri barruko autobus zerbitzua izatea. Azkenean, zerbitzu orok behar bat sortzen du praktikoa baldin bada, eta, gaur egun, beharrezko baliabide bihurtu da herriko mugikortasunari lotuta. Jakina, autobusak ezin du  orduero eta toki guztietan egon, baina ahalik eta pertsona gehienengana iristen, eta ibilbideak ahalik eta modu logiko eta funtzionalenean diseinatzen saiatzen gara", azaldu du udalak. 

Bidaiariek 0,20 euro ordaintzen dute ibilbide bakoitzeko. Zerbitzuaren urteko aurrekontua 161.538,84 eurokoa da. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide