Makina-erremintaren BIEMH azoka bisitatu du Ana Azkoitia alkateak

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 5a

Alkatea Intza Lubrication Systems lantegiko arduradunarekin. (Udala)

Barakaldoko (Bizkaia) BECen egiten ari diren BIEMH azokan izan zen atzo alkatea, eta hark Azkoitiko Ibarmia eta Intza enpresen postuak bisitatu ditu.

Egunotan BIEMH makina-erremintaren biurtekoa egiten ari dira Barakaldoko BEC erakustazokan, eta atzo, asteazkena, azoka bisitatu zuen Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak. Azoka horretan parte hartzen ari dira, gainera, Azkoitiko Ibarmia eta Intza Lubrication Systems lantegiak, eta alkateak haien gaitasun teknologikoa eta eskaintza gertutik ezagutu nahi izan zuen, haiei babesa erakustearekin bat.

Alkateak azaldu du biurtekoa "erakusleiho aparta" dela posizionamendua markatzeko, azken soluzio teknologikoak ezagutzeko, edota aliantzak eta lankidetzak ixteko. "Europan makina-erremintaren sektorean erreferente diren enpresak ditugu, eta enpresek merkatu globalean eta konplexuan lehiakorrak izateko egiten duten ahalegina aitortu eta babestu behar dugu. Azken finean, hori da bidea enplegua sortzeko, aukera berriak zabaltzeko, eta gure bizi-kalitateari eusteko. Bidezkoa deritzot enpresek duten tokiko garapenaren aldeko konpromisoari balioa ematea eta aitortzea".

Biurtekoaren 33. aldian nazioarteko 34 herrialdetako 1.500 enpresa bildu dira, eta guztira, 3.350 produktu berritzailetik gora aurkeztu dituzte. Azkoitiko bi lantegi horiez gain, Urola Kosta eskualdeko beste zenbait enpresa ere ari dira azokan parte hartzen.

Azkoitia, Ibarmia lantegiko arduradunarekin hizketan. (Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide