Ingelesa praktikatzeko saio irekiak egingo dituzte Gaztanenean

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 2a

Gaztanenea zentroa, kanpotik. (Alex Berasategi)

British Tea Party, English for travel eta Let’s make wels cakes saioak eskainiko dituzte ostegunetik apirilaren 23ra bitartean. Roanna Larsen hiztun natiboak gidatuko ditu saio guztiak. Ez dago izena eman beharrik.  

Ingelesa praktikatu nahi duten herritarrek askotariko hiru tailer izango dituzte datozen asteetan Gaztanenea hizkuntza zentroan. Izan ere, udalak, Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean, doako honako ekintza hauek prestatu ditu: British Tea Party, English for travel eta Let’s make wels cakes. 11 urtez Gipuzkoan bizi den Roanna Larsen hiztun natiboak eskainiko ditu saio guztiak. 

British tea party saioak martxoaren 5ean eta 12an izango dira, 18:00etatik 19:30era artean. Lehenengo egunekoa B eta C maila dutenentzat izango da, eta bigarrena, oinarrizkoa dutenentzat. Saioan hitz egiteko tartea zabalduko dute, eta han elkartzen direnek ingelesa praktikatzeko aukera izango dute tea eta opilak dastatzen dituzten bitartean. 

Martxoaren 16an eta 26an, berriz, English for travel saioak izango dira, ordutegi berean. Bidaia esperientziak partekatzeko aukera izango dute partaideek, eta bide batez, bidaiatzerakoan erabili ohi den hiztegia eta esamolderik erabilienak ikasiko dituzte. 

Bestalde, Let’s make welsh cakes saioek sukaldaritza izango dute oinarri. Apirilaren 16an ingelesez B edota C maila dutenei eskainiko die saioa Larsenek, eta apirilaren 23an, berriz, A maila —oinarrizkoa— dutenei. Saio praktikoak izango dira biak ala biak, eta Galesen ohikoak diren opilak kozinatuko dituzte, hango ohiturez eta tradizioez hitz egiten duten bitartean. 

Saio guztiak irekiak eta doakoak dira, eta ez dago aurrez izena eman beharrik, Let’s make welsh cakes sukaldaritzarako izan ezik. Ikastaro horren saioetarako 943 54 16 50 telefono zenbakira deitu edo gaztanenea@azkoitia.eus helbide elektronikora mezua idatzi behar da aurrez. Gainontzekoetan parte hartzeko, ordea, nahikoa da hitzordurako Gaztanenea jauregira azaltzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide