Jokin Beristain psikoterapeuta azkoitiarrak Argi Izpiak izeneko hitzaldia eskainiko du martxoaren 4an, asteazkenez, Elkarguneko Oteiza aretoan (18:30). Bi hilean behin eskaini ohi ditu Beristainek hitzaldiak Azkoitian, eta datorren hitzorduan harremanez arituko da hura.
Harremanak, izan familia, lagun, lan, bikote, guraso edo seme-alaba artekoak, "bizitzako ardatz nagusietako bat" dira Beristainen esanetan. "Harremanak ondo daudenean, zorionetik gertuago sentitzen gara eta bizitzak kolore goxoagoa hartzen du. Gaizki daudenean, dinamika ez osasuntsuetan harrapatuta edo elkarrekin bat egin ezinda gabiltzanean, oso mingarriak bihur daitezke, eta asko nahastu edota galdu gaitezke pertsona bezala", esan du Beristainek.
Nolanahi ere, psikoterapeuta azkoitiarrak dio pertsonek beraiek sortzen dituztela beren harremanetan dinamika ez osasuntsuak, "ezjakintasunak" bultzatuta edota "kaltegarriak direla ez dakigun ereduak" aintzat hartuta. Horren aurrean, Beristainek azpimarratu du harremanen dinamikez kontziente izatea eta modu osasuntsuagoan harremanak izatea "behar bat" dela pertsonentzat.
Martxoaren 4ko hitzaldian parte hartzaile bakoitzak zer harreman dinamika duen ikusiko dute, eta, era berean, harremanak dinamika osasuntsuetara bideratzeko baliabideak eskainiko ditu Beristainek. Hitzaldia doakoa da, baina parte hartzeko izena eman behar da aurrez, lekuak mugatuak baitira. Izena emateko, whatsapp bat bidali behar da 652 20 24 67 telefono zenbakira.