Asteburuan hamahiru zabor edukiontzi erre izana gaitzetsi du udalak

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 23a

Plazaberrin erre zuten hamahiru edukiontzietako bat. (Azkoitiko Udala)

Floreagan, Plazaberrin eta Balda plazan erre zituzten edukiontziak ostiraletik larunbaterako gauean. Ana Azkoitia alkateak "erantzukizunerako eta elkarbizitzarako deia" egin du, eta "gogor" gaitzetsi du jazotakoa.

Hamahiru zabor edukiontzi erre dituzte asteburuan. Azkoitiko Udalak gaur, astelehena, eman du gertakari horien berri, edukiontziei su eman izana "irmoki" gaitzestearekin bat. Gertakari horiek ostiraletik zapaturako goizaldean jazo ziren Floreagan, Plazaberrin eta Balda plazan, eta erakundearen arabera, edukiontziak "erabat kiskalita eta erabilezin" gelditu dira. Nolanahi ere, ez da inolako kalte pertsonalik gertatu.

Udalak eragindako kalteen lehen balorazio ekonomikoa egin du, eta adierazi du 14.000 euroko kaltea eragin dutela suteek. Gainera, horri "beste hainbat kalte" gehitu behar zaizkio. Ana Azkoitia alkateak "erantzukizunerako eta elkarbizitzarako deia" egin du, eta "gogor" gaitzetsi du jazotakoa: "Edukiontziak, hiri altzariak edo espazio publikoak bezala, guztionak dira. Denon artean ordaintzen ditugu, diru publikoarekin. Delitua izateaz gain, nahita kaltea eragiteak errespetu eta bizikidetza arau guztiak hausten ditu, eta edukiontziei su ematearekin, pertsonen segurtasuna ere arriskuan jarri da".

Era berean, Azkoitiak adierazi du "inork ez" duela gainerako herritarrei modu horretan "barre egiteko eta baliabide publikoez abusatzeko eskubiderik". "Ez dadila berriro gertatu", adierazi du alkateak.

Balda plazan ere erre zituzten edukiontziak. (Azkoitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide