Zer dela eta eskainiko duzu ikastaroa?
Nik lehendabiziko hitza euskaraz egiten dut beti, baita milagarrena ere. Euskara erabiltzea garrantzitsua da, baina euskara zuzena erabili behar dugu, aberatsa izaten eta sustatzen jarrai dezagun. Horretarako inguruak lagundu behar dizu, bestela haizearen kontra zabiltzala sentitzen duzu. Zure solaskideak euskaraz jakitea garrantzia handikoa da, baita erraztasunez egitea ere; gutxieneko baliabide batzuk izatea. Ikastaroa Azkoitian egiteak esangura berezia du niretzat; euskalkien maitale sutsua naiz, eta Azkoitikoa da ondoen ezagutzen dudan euskalkietako bat.
Nori zuzenduta dago?
Edonori. Euskaldunei, euskaran gutxieneko interesa dutenei eta euskara ondo hitz egin nahi dutenei. Askok esaten dute: 'Elkar ulertzen bagara, zer axola dio?'. Euskararen erabilerari dagokionez, ordea, gauza batzuk argi ditut, beste batzuk ez, eta batzuekin zalantza sortzen zait. Ispiluaren aurrean ez da zalantzarik argitzen, horregatik gogoeta egingo dugu ikastarora bertaratzen direnekin: elkar aberastea da nire asmoa.
Zein izango da dinamika?
Ez dut inor aspertu nahi, beraz, ez gara inola ere gramatikaren putzu ilun eta sakonean sartuko. Egunerokotasunean zalantza sortzen dizkiguten esaldiak eta hitzak aztertuko ditugu; jolasak eta abestiak erabiliko ditugu adibide gisa; eta hitanoari buruz zenbait kontu ere landuko dugu.
Zer berezitasun du Azkoitiko euskarak?
Azkoitiko euskara oso bereizgarria eta aberatsa da, berezitasun asko ditu. Ez dago zalantzarik gipuzkera dela, baina Azkoitian erabiltzen den aditzak bizkaieraren ezaugarri asko ditu. Esaterako, Bizkaian 'dute' aditza 'dabe' esaten dute, eta Azkoitian 'debe' esaten da; oso antzekoak dira biak, eta jendea ez da horretaz konturatzen.
Eta zein da azkoitiarrek egiten duten akatsik ohikoena?
Badaude gaizki esaten ditugun gauzak ere, azkeneko hamarkadetan aldatu egin direnak. Askok pentsatzen dute: 'Guk hori lehen ez genuen horrela esaten, baina orain beste modu honetan esaten dugu'. Herriaren izenaren erabilera ere okerra da orain; ez dut horri buruz arrasto gehiago eman nahi, baina ni umea nintzenean ondo esaten genuen, eta, orain, berriz, gaizki esaten da. Hortaz ere hitz egingo dugu ikastaroan, aldaketa onerako edo txarrerako izan al den gogoetatxo bat egin nahi baitut. Izan ere, kutsu ez hain garbi baten olatuak eman gaitu puntu horretara, eta, orain, denok ondo ari garelakoan erabiltzen dugu horrela.
Zer presentzia du euskarak Azkoitian?
Azpeitia eta Azkoitia inguruan hazitakoa naiz ni, eta, biak 10.000 biztanletik gorako herri euskaldunenak dira. Orain gero eta gehiago etortzen naiz Azkoitira, eta entzuten dudana, batez ere, euskara da, zorionez. Belarria jarrita ibiltzen naiz, ea zer hizkuntza entzuten dudan. Euskara asko hitz egiten den arren, maila beheraka doa; gauza onak kutsatu beharrean, txarrak kutsatzen ari gara.
Zer esango zenioke, lotsagatik edo segurtasun faltagatik, euskaraz hitz egitera ausartzen ez den pertsona bati?
Nik uste dut jarrera ona izaten dugula euskaldunok euskaraz ondo egiten ez duenarekin. Batzuk izango dira barre edo burla egiten dutenak akatsen aurrean, baina modu zintzoan ere esan daiteke. Bilboko Euskal Museoan nire bertso bat dago, edo lehen behintzat bazegoen, ez dakit hor jarraitzen duen, eta honela esaten du:
Zer nolako zortea
gure hizkuntzarena,
mila iturritatik
edaten duena.
Euskararik onena
da norberarena
eta txarrena berriz
egiten ez dena.
Egiten dugun euskarari astindu bat eman behar diogu, darabilgun hizkera zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta erraztasun handiagoarekin erabiliko dugulako. Erabilera sustatu egingo dugu aberastearekin.