Aurrekontuen foru araua urratzea "praktika orokortua" al den ikertzeko eskatu du aurrez salaketa jarri zuen herritarrak

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 20a

Gipuzkoako Foru Ogasun sailaren eraikinak, Donostian.

Gorka Alberdi herritarrak salaketa handitzea erabaki du, eta aldundiari eskatu dio egiazta dezala 19/2013 legearen epeak udalerri guztietan betetzen direla; horretarako, ofiziozko ikerketa has dezala galdegin dio. Haren ustez, "lege haustura normalizatu nahi izateak" berresten du kontrol erakundeek esku hartu behar dutela. 

2026ko udal aurrekontuak bozkatzeko aurreko urtea amaitzerako udalbatzarra ez deitzeagatik aurrekontuen foru araua bete ez zuelakoan, Azkoitiko alkate Ana Azkoitia salatu zuen Gorka Alberdi herritarrak beste pauso bat eman du orain, eta salaketa zabaldu du: Gipuzkoako Foru Aldundiari galdegin dio iker dezala foru arau hori urratzea Gipuzkoan hedatuta dagoen "praktika orokortua" al den. Hau da, erakunde horri eskatu dio egiazta dezala 19/2013 legearen epeak betetzen direla, eta horretarako, ofiziozko ikerketa has dezala exijitu dio. 

Alberdik denboran atzera egin du orain egin duen urrats hori azaltzeko: hark gogoratu du joan den abenduan aldundian nahiz Arartekoan Azkoitiko alkatearen aurkako hainbat salaketa eta erreklamazio aurkeztu ondoren, Azkoitiko EAJk eman zuen erantzuna "argigarria eta larritasun berezikoa" izan zela: "Zorrotz bete beharreko arau bat urratu dela onartu eta egoera ez errepikatzeko zer neurri hartu azaldu beharrean, Azkoitiko EAJk erantzukizunari ihes egitea erabaki zuen, haien kudeaketa justifikatu nahian legezkotasuna ez betetzea beste udalerri
batzuetan ere egiten dela aitzakiatzat hartuta".

Alberdirentzat "onartezina" da "bidegabekeria demokratiko hori justifikatu" nahi izatea, alkateak, udalbatzarra ez deituta, udalbatza osatzen duten ordezkari politikoei aurrekontuak bozkatzeko "eskubidea ukatu" baitzien, nahiz eta "jakin" oposizioa "prest" zegoela abstentzioaren bidez aurrekontuak onartzeko. "Erabaki horrek, kontu publikoen eztabaida galarazteaz gain, foru arauaren 15.2 artikuluaren agindua berariaz urratu zuen, artikulu horrek exijitzen baitu kontuak abenduaren 31 baino lehen onartuta egotea", ekarri du gogora berriz.

Era berean, zentzugabekeriatzat jo du hark EAJk "herriaren kudeaketa gaitasuna blokeatuta" mantentzen duen atzerapen hori "normalizatu" nahi izatea "existitzen ez den ustezko normaltasun administratibo" baten pean. "Aurrekontua udalerri baten dokumenturik garrantzitsuena izanik, epean onartzen ez bada, plangintzarako eta gardentasunerako oinarrizko tresna apurtzen ari da", azaldu du Alberdik. Ildo horretan, azpimarratu du 21/2003 foru arauaren epeak ez direla "iradokizunak", baizik eta "gardentasuna eta diru publikoa bermatzeko betebeharrak". 

"Kalitate demokratikoaren izenean"

Bestalde, "lege haustura normalizatu nahi izateak" honakoa besterik ez du berresten Alberdiren ustez: "Kontrol erakundeak esku hartu behar du legea betetzen dela bermatzeko; ez bakarrik Azkoitian, baita indarrean dagoen araudiaren gainetik gobernatu nahi den edozein lekutan ere". 

Are, egoera hori onartzeak "segurtasun juridiko falta larria" eragiten duela salatu du herritarrak, eta legearen aurreko berdintasun printzipioa ere urratzen duela gaineratu: "Administrazio-prozedura ezin da diskrezionala izan: ezin da onartu legeak betetzea herritarrarentzat nahitaezkoa izatea, eta politikariarentzat, hautazkoa".

Hori horrela, eta "kalitate demokratikoaren" izenean jo du berriz Alberdik aldundira, Ogasun eta Finantza departamentuari baitagokio udalek aipatutako araua betetzen dutela zaintzea. Aldundiak duen "erantzukizuna" bere gain har dezala eskatu dio erakundeari berari "formalki", eta horretarako, erreklamazioa aurkeztu zuen joan den astelehenean. Honako hiru neurri hauek eskatu ditu, zehazki: batetik, 2026an araua bete ez duten udalerriak identifikatuko dituen espedientea, legezkotasunaren urraketa hori "zigorrik gabe" gera ez dadin; bigarrenik, foru instrukzioa galdegin du, udal guztiei epeak nahitaez bete behar direla eta horiek ez betetzeak dituen ondorioak gogorarazteko; eta azkenik, kontrolerako erregistro publikoa egin dezala ere galdegin du, aurrekontu bakoitzaren benetako onarpen-datak jasotzeko, gardentasuna eta segurtasun juridikoa bermatzeko.

Bestalde, Alberdik jakinarazi du Arartekoari ere ikerketa hori irekitzeko eskatu diola aste honetan bertan, eta jaso duela haren ebazpena: haren arabera, Arartekoaren dokumentuak dio alkateak duela osoko bilkurak deitzeko eta gai-zerrenda finkatzeko legezko eskumena, baina ez dagokio Arartekoari oinarrian egon daitezkeen aukera politikoko irizpideak baloratzea. Horregatik, Arartekoak atzera bota du ikerketa hastea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide