Itziar Sudupe: "Jendea tabernako atetik sartzen denean bizipoza nabari da"

Aroa Zamora 2026ko otsailaren 20a

Itziar Sudupe, jubilatuen tabernako barran lanean. (Aroa Zamora)

Aurreko astean ireki zituzten berriro jubilatuen tabernako ateak, sei urtez itxita egon ondoren. Itziar Sudupe eta haren seme Julen Ruiz dira proiektuaren arduradunak, eta gogotsu ekin diote bideari.

Nola erabaki zenuten proiektuari ekitea?

Bizitza guztian aritu naiz ostalaritzan. Beti besteentzako egiten nuen lan, eta, behin, neure buruari galdetu nion: "Zergatik ez dut neuretzako egiten?". Gainera, zazpi-zortzi urte geratzen zaizkit jubilatzeko. Julenek sukaldaritza eskolan ikasi zuen, eta ikasketak egiteko gogo handirik ez zuenez, biok bide berri honi batera ekingo geniola esan nion. Julen gaztea da, eta ni ere lan egiteko moduan nago oraindik, sasoian bainago. Proiektua aurrera ateratzea da gure helburu nagusia, bidea ilusioz eginez eta beti aurrera begiratuz. 

Semeak hasieratik eman al zizun baiezkoa?

Bai, Juleni ostalaritza gustatzen zaio. Urtebetez aritu da Orbelan lanean, eta bertan maisu onena izan du: Luis Aizpuru; Julenentzako, niretzako, denentzako izan da hura maisua. Orain dela 40 urte ezagutu nuen, baita Koxkako Markel Kintela eta Jaione Aizpuru ere. Horiek izan dira gure eskola, denok elkarrekin egin dugu lan; oso gustura, gainera. 

Zer sentiarazten dizue taberna zuen esku egoteak? 

Erantzukizuna, eta ezin dugula kale egin. Pertsona helduek batzeko toki bat behar zuten, eta orain taberna berriro ireki dugunez, gustura daude. Beraiek gustura mantentzea da gure ardura nagusia, etxean bezala sentiaraztea, mimatzea. Aitona-amonek tratu ona merezi dutela pentsatzen dut, beti baloratu baitut beraien egitekoa. Azken hilabetean, lokalaren prestakuntzan nenbilela, bertan egiten dituzten jarduerak ikusteko aukera izan dut, eta izugarrizko meritua dute: Bizipoza zerbitzua, bingoa, dantzak... Gustatuko litzaidake zahartzarora iristean horrelako aukerak izatea. Gainera, neu orain amama naiz, neska txiki batena, beraz, sentimendua handiagoa da. Aitona-amonak zaindu behar ditugu, ez baitira betirako. 

Nola prestatu duzue lokala? 

Leku desberdinetatik jaso dugu laguntza. Sonia Vazquez Gizarte Ongizate zinegotziarekin jarri nintzen harremanetan; aholkulariak eta Iraurgi Berritzenek ere asko lagundu didate. Jone Izagirre izan da bide horretan nire adiskide mina. Aurreko urtea oso gogorra izan zen niretzat, eta hark aurrera egitera bultzatu ninduen. Irailean proiektua prestatzen hasi ginen, eta abenduaren 17an esleitu zidaten. Beste lehiakide bat ere bazegoen, eta horrek momentuan beldurtu ninduen. Orain, lan egitea tokatzen da. 

Jubilatuentzat zerbitzu berezirik eskaintzen al duzue?

Astelehenetan, 17:00etatik 18:00etara, abesbatza egoten da, jantoki erdian biribil bat egin eta abestu egiten dute; oso polita izaten da. Hondartzarik gabeko Benidorm dirudiela esaten diet. Mugimendua dago denbora guztian. 

Zer giro sumatu duzue lehen egunetan tabernan? 

Bizipoza, jendea tabernako atetik sartzen denean horixe nabari da. Atzo arratsaldean galdetu zidaten ea kartetan ibil zitezkeen, eta "noski baietz", esan nien, horretarako gaude eta. Gainera, %5eko deskontua dute tabernan jubilatuek, eta gustura daude horrekin.

Beraz, jubilatua izateak baditu bere onurak...

Bai, jubilatuen txartela dago, eta jende askok ez daki existitzen denik ere. Jubilatuek esaten didate ea zertarako behar duten txartela, baina baditu bere onurak: ibilaldiak eskaintzen dituzte, baita ile apaindegi eta podologo zerbitzuak ere.

Non lortu daiteke txartela? 

Jubilatuen elkartean bertan ateratzen da. 10:00etatik aurrera bulegoan egoten dira edozertan laguntzeko. 

Zer ordutegi du tabernak?

10:00etan irekitzen dut, eta itxiera ordua jendearen araberakoa izaten da; igandean, 21:00etan itxi nuen, zapatuan, 23:00ak aldera. Gurea ez da kaleko taberna bat, egunez egoten da mugimendua. AEK dago, epaitegia, jubilatuen elkartea...

Zer etorkizun ikusten diozu tabernari?

Jubilatuei bizipoza ematea, lan egitea eta dena ondo joatea dira nire nahiak. Positiboki pentsatu behar da; aurrera egin behar dugu atzera begiratu gabe. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide