Azkoitiko Babes Sareak antolatutako azken hitzaldiak ere herritarren jakin-mina piztu du, eta horren erakusgarri da Elkarguneko Oteiza aretoak atzo arratsaldean hartu zuen itxura, herritarrek goraino bete baitzuten gela. Miren Etxeberria Group osasun zentroko psikologo diren Etxeberriak berak, Klara Zubizarretak eta Alazne Zendoiak eskaini zuten saioa, eta gaixotasun neurodegeneratiboren bat dutenentzat estimulazio kognitiboa lantzea zeinen garrantzitsua den azpimarratu zuten horiek.
Hain zuzen, estimulazio kognitiboa nola landu daitekeen azaldu zuten psikologoek, eta norbanakoak bere alderdi kognitiboa zain dezan, irizpide orokorrak nahiz zehatzak plazaratu zituzten. Lagungarri izan daitezkeen hainbat gomendio ere eman zituzten: egunero 10-15 minutuz estimulazio kognitiboa lantzea, emozioak azaleratzeko argazki zaharrak begiratzea, musika entzutea eta agenda bat jarraitzea, besteak beste.