Zortzi irla eta 560 kilometro, bederatzi egun pasatxoan

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 19a

Imanol Aleson, La Graciosa irlako Bermeja sumendia igotzen. (Utzitakoa)

Imanol Aleson mendi korrikalariak Kanarietako zortzi uharteak zeharkatu ditu GR 131 ibilbidearen bidez; ahalik eta denbora gutxienean saiatu da egiten.

Aski ezaguna da Imanol Aleson azkoitiarra mendiko proben munduan, eta hamarkadetako esperientziarekin jarraitzen du ultra distantziako mendi ibilbideak egiten, azkenaldian halako lasterketak "apur bat alboan utzita" baditu ere. Mendiarekiko pasioz, zeharkatu ditu lurralde osoak, eta ongi baino hobeto ezagutzen ditu horretarako sortuta dauden GR ibilbideak ere. Orain, ordea, askorik zapalduta ez dauden lurretan beste abentura batean murgildu da, ez nolanahikoan eta ez nolanahi: Kanaria uharteak alderik alde zeharkatu ditu azkoitiarrak artxipelago osoa lotzen duen GR 131 ibilbidearen bidez, eta ahalik eta denbora motzenean egin nahi izan du hori. Zenbakiekin esanda: 23.300 metroko malda positiboa duen 560 kilometroko ibilbidea osatu du bederatzi egun eta sei ordutan. Lotarako tarteak kenduta, hasi eta bukatu egin du.

GR 131 ibilbideak Kanarietako zortzi irlak zeharkatzen ditu, eta bata bestearekin lotuta dago; hau da, ibilbide hori diseinatuta dago artxipelago osoa zeharkatzeko. Izan ere, irla bakoitzean, itsas portu batean amaitzen da bidea, han itsasontzia hartu eta ondoko uhartera joan ahal izateko. GR horretan egin beharreko guztia gutxi ez, eta irla bakoitzean oinez irits daitekeen punturik altuenera igotzeko tartea ere hartu du korrikalariak. Hori guztia, kanpoko laguntzarik gabe eta baliabide propioekin: "Behar nuen guztia motxilan neraman. Egunez oinez ibili eta korrika egiten nuen, gauez bospasei ordu lo egin, eta bitarte horretan, itsasontziz lekualdatzen nintzen". Dokumentatzen aritu da Aleson, eta haren arabera, modu horretara, "tiradan", Kanarietako GR 131 ibilbidea egin duen munduko bigarren pertsona da.

Ferrya, ibili, lo

Halako "abentura zelebreetan" ondoan izaten duen Julian Morcillo lagunari otu zitzaion balentria hori egitea, Alesonen hitzetan; biak batera ziren ibilbidea egitekoak, baina bidaia hastear zutela lagunaren senide bat ospitaleratu zutenez, Alesonek bakarrik hasi zuen bidea urtarrilaren 26an, eta elkarrekin amaitu zuten otsailaren 4an. Artxipelagoaren mendebaldean hasi zuen bidea Alesonek, alde horretan daudelako Kanarietako irla txikienak: "Euskal Herriko giro hotzetik aterata, gorputza hango girora moldatu ahal izateko modurik egokiena iruditu zitzaigun lehenengo irla txikienak egitea, eta gorputza behin ohituta zegoenerako uztea irla luzeenak".

Hierron hasi zuen Alesonek aurretik zuen ibilaldi luzea. Uharte hori igarota, itsasontzia hartu eta Tenerifera jo zuen, La Palmara zuzeneko garraiobiderik ez dagoelako. Beraz, Tenerifetik La Palmara iritsi, eta bigarren egunean irla hori zeharkatu zuen. Hurrengo goizaldean berriz ferrya hartu, eta Gomerara. "San Sebastian hiriburuan hasi nuen ibilbidea 07:00etan, handik mendi gain guztiak igaro nituen, irlaren beste izkinan dagoen Vallehermosoraino. Egun horretan, 15:30erako Vallehermoson egon behar nuen, han autobusa hartu behar nuelako berriz San Sebastianera joateko; 17:30ean Teneriferako ferrya hartu behar nuen han". Horrenbestez, une oro denbora "mugatuta" zuen korrikalariak, itsasontzia galduz gero, egun bat atzeratzen zuelako ibilaldia. Hain zuzen, Alesonek azaldu du horrek egin duela esperientzia "berezi eta entretenigarri", baina "estresagarria" ere izan dela gaineratu du.

Ondorengo irlak izan ziren Tenerife, Kanaria Handia –han elkartu zen Morcillorekin–, Fuerteventura, Lanzarote eta Graciosa. Irla gehienak egun bakar batean zeharkatu zituen Alesonek, eta uharte bakoitzeko paisaiarekin gozatu du azkoitiarrak gehien. Gainera, sumendi lurralde horietako berezko harri beltzaren gainean, irlak "berde-berde" ikusi ditu azken bidaia horretan, eta hori ere bada harritu duena: "Aurten euri dezente egin du han, eta hango biztanleak ere harrituta daude irlek hartu duten kolorearekin. Barregarria ere iruditu daiteke, baina lurretik belarra kentzen ikusi ditut; nahiago dute lurra beltza eduki, turistak erakartzeko".

Imanol Aleson eta Julian Morcillo, Kanaria uharteetako abenturan. (Utzitakoa)

Aparteko laguntzarik gabe egin dute ibilbidea; bezperan erositako janariarekin eta urarekin egiten zituzten dozenaka kilometro. "Normalean hiru litro ur eramaten nituen egun osoa igarotzeko; oso gutxi da hori, baina ahalik eta pisu gutxien eraman behar nuen". Ohikoa da GR ibilbideak igarotzen diren lekuetan saltokiak-eta egotea, baina Kanarietako hainbat uhartetan "oso gutxi" topatu ditu; are, azaldu du, esaterako Hierron, soilik herri bakar bat dagoela ibilbide horretan. Era berean, ia hamar egun iraun zuen abenturarako motxilan ere arropa gutxi batzuk besterik ez zituen eraman mendi korrikalariak: "Mendirako jantzi oso bat, beste aldagarri bat, toalla, txaketa polarra, nezeserra, eta Teide gisako gailurretara igotzeko eskularruak, buffa eta txapela". Ia kendu ere egin ez duen oinetako pare bakar bat ere bai, etxera ozta-ozta iritsi dena.

Batzuek hondartzarako ere baliatuko zuketen Kanarietako egonaldia, baina Alesonek aitortu du hankak busti ere ez dituela egin itsasoan; hark mendia du maite. Esperientziaren helburua ongi pasatzea zela adierazi du, eta aise bete du: "Neure saltsan ibili naiz, ederki gozatu dut". Mendizaleei guztiz gomendatu die artxipelagoa zeharkatzeko plana; hori bai, berak egin duena baino erritmo lasaiagoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide