Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen bidegorrian zorua konpontzeko egin beharreko lanak, eta ondorioz, zabalik da berriz ere pasabidea. Bidegorriaren bosgarren ibilbideari eragin diote azken obrek, zehazki, 20,810 eta 31,741 kilometro puntuen arteko zatiari.
Bidegorriaren zorua edo lurra hobetzea izan da proiektuaren helburu nagusia. Batetik, higatuta zeuden lur eremuak zementuarekin egonkortu dituzte, eta bestetik, asfaltozko aglomeratu berri bat erabili dute aldapa handiko zatietan eta gainazaleko euri-urak bere bidea egiten duen guneetan. Tuneletan eta pasabidetan jardun dute, bereziki.
Kilometro puntu horietako lanak amaitu badituzte ere, aldundiak jakinarazi du otsailaren 23tik aurrera lan gehiago egingo dituztela bidegorrian. Aldundiaren arabera, hezetasun arazoak daude zenbait tuneletan, eta gune horietan xafla iragazgaitzak jarriko dituzte. Horretarako, "ezinbestekoa" izango da lan egin behar duten tunelak ixtea.
Hain zuzen, bi tarte itxiko dituzte: 24,290tik 24,830era dagoen kilometro puntua, batetik, eta bestetik, 28,880tik 28,930era dagoena. Lanak amaitu ahala irekiko dituzte tunelak bidegorriko erabiltzaileentzat, baina aldundiak egindako aurreikuspen plangintzaren arabera, martxoaren 26ra arte luzatuko dira obrak.
Lanak osorik amaitu bitartean, zorua ere margotuko dute. Egiteko hori egun bateko edo biko kontua izango dela aurreratu du erakundeak. Lan horiek gauzatzeko, ordea, nahitaezkoa izango da une jakinetan pasabideak etetea. Aldundiak esan du bidegorriaren itxierari lotutako abisua emango dutela, eta bidegorrian bertan dagokion seinaleztapena egingo dutela.