Jubilatuen tabernak ostegunean zabalduko ditu berriz ateak

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 10a

Julen Ruiz eta Itziar Sudupe, jubilatuen tabernako kudeatzaile berriak. (Azkoitiko Udala)

Sei urte itxita igaro ditu Plaza Ondo elkartearen egoitzan dagoen ostalaritza guneak, eta arduradun berriekin, berriz zabalduko dute taberna jatetxea. Ostegunean izango da inaugurazioa. 

Jubilatuen taberna zabalduko dute ostegunean, eta horrenbestez, sei urteren ostean martxan izango da berriz Plaza Ondo elkartearen egoitzan dagoen ostalaritza gunea. Bingo saioaren ondoren, inaugurazio batekin irekiko dute jatetxe-taberna, 19:00etan. 

Udalak joan zen azaroan atera zuen lizitaziora taberna jatetxearen kudeaketa, eta Itziar Sudupek eta haren seme Julen Ruizek hartu dute horren ardura. Hasiera batean, bi urteko iraupena du kontratuak, baina baina beste bi urtez luza dezakete gero. Edariak ez ezik, oraingoz pintxoak, ogitartekoak zein errazioak salduko dituzte jubilatuen tabernan, baina hortik haratago, beste betebehar batzuk ere eskatzen ditu gunea kudeatzeak: besteak beste, erretiratuen eta pentsionisten egoitza garbitzea, taberna eta jatetxea zaintzea eta zerbitzua ematea zein jubilatuen egoitzako atezaintza zerbitzua eskaintzea.

Kudeatzaileek azaldu dute "ilusioz" hartu dute negozioaren kudeaketa, baina gaineratu dute ardura ere sentitzen dutela: "Azken bospasei urtetan ostalaritzan aritu naiz, baina besteren kontura, eta ez neukan generoa erosteaz eta beste hainbat lanez arduratu beharrik. Baina, gogoa izanez gero, gauzak aurrera ateratzen dira. Gainera, semeak eta biok eramango dugu eta hori ere lasaitasuna da. Tokiak merezi du beste aukera bat eta pertsona nagusiek ere bai, ondo zaindu behar ditugulako, eta orain, amama naizela, guzti honek esanahi handiagoa du niretzat”, dio Sudupek.

Jubilatuen tabernak sei urte zeramatzan itxita, eta ordutik, udalak bitan atera du negozioaren kudeaketa lehiaketa publikora: ordea, lehenengoan ez zuen esleitu eskatzaileak ez zituelako eskakizunak betetzean, eta bigarrenean, hutsik geratu zen, inork ez zuelako eskaerarik aurkeztu. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide