Tindufeko kanpalekuetan dauden saharar errefuxiatuentzako janari bilketa egingo dute bihar

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 30a

Tindufeko kanpalekua. (Humans Right Watch)

Zestoako Wadna elkarteak egingo du elikagai bilketa Azkoitiko Eroski supermerkatuan. Goizez eta arratsaldez egongo dira elkarte horretako ordezkariak han. Egunerokotasunean beharrezkoak diren produktuak bilduko dituzte, eta herritarrak animatu dituzte beren ekarpena egitera. 

Abian da beste urte batez Sahararen aldeko euskal karabana. Bihar, zapatua, Sahararen aldeko elikagai bilketa egingo du Zestoako Wadna elkarteak Azkoitiko Eroski supermerkatuan; goizez nahiz arratsaldez egongo dira elkarte horretako ordezkariak herritarren ekarpenak jasotzen.

Piztu itxaropena lelopean jarri du martxan elkarte horrek aurtengo kanpaina. Hori hala, egunerokoan "oso beharrezkoak" diren produktuak bilduko dituzte haiek, hala nola arroza, dilistak, babarrunak, pasta, hegaluze latak, sardinak, azukrea, medikamentuak eta konpresak. Jasotako produktu guztiak Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dituztela aurreratu dute elkarteko kideek.

Wadna elkartekoek azaldu dute Sahararen aldeko euskal karabana "oso garrantzitsua" dela "baldintza eskasetan" bizi diren errefuxiatuentzat. Gainera, gogorarazi dute saharar errefuxiatuen kanpalekuetan munduko elikadura programak banatzen duen oinarrizko saskia %30 murriztu dela. "Laguntza humanitarioarekiko mendekotasun osoa duen saharar herriarentzako laguna 10.000.000 euro murriztu da azken hamarkadan. Gainera, 5 urtetik beherako haurren ia %30ek desnutrizio kronikoa du. Era berean, gora egin du azken urteetan haurren eta emakumeen anemia mailak", esan dute. Hori hala, herritarrak bihar bere ekarpena egitera animatu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide