Lan hitzarmenaren negoziazioei berrekiteko eskatu dute San Jose egoitzako langileek

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 23a

San Jose egoitzako langileek atzo arratsaldean eliz atarian egin zuten elkarretaratzea. (Aitziber Arzallus)

ELA sindikatuak egindako deiari erantzunez, San Jose egoitzako langileek elkarretaratzea egin dute eliz atarian, lan hitzarmena berritzeko negoziazioak geldirik daudela salatzeko eta berrekin diezaietela eskatzeko. Gipuzkoako egoitzetako langileak 2016an hitzartutako baldintzetan ari dira lanean, eta ezinbestekoa deritzote horiek lehenbailehen eguneratzeari.

Gipuzkoako egoitzetako langileak duela hamar urte adostutako lan baldintzetan ari dira lanean, harrezkero ez dutelako lan hitzarmena berritzerik lortu. Azken saiakera 2024an egin zuten, baina orduan hasitako negoziazioak etenda daude gaur egun, ez aurrera eta ez atzera. Hori dela eta, protesta gisa, sei egoitzatako langileak greba mugagabean daude, eta gainontzekoak aste honetan bi egunez –atzo eta gaur– lanuztea egitera deitu ditu ELA sindikatuak. Aldarrikapenekin bat eginez, San Jose egoitzako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean eliz atarian. Dozenaka lagunek parte hartu zuten mobilizazioan, negoziazioei berrekin diezaietela eskatzeko.

Azkoitiko San Jose egoitzako langileak ez daude greban, "errealitatean" ez dutelako horretarako "aukerarik", gutxieneko zerbitzuak ematera behartzen dituztelako. "Greba egunetan bete beharreko zerbitzu minimoak egunerokoan dugun lan kargarekin parekatuta daude. Hau da: egunerokotasunean erabiltzaileei ematen diegun zerbitzua greba egoera 'berezi' batean soilik egon beharko litzatekeena da. Horrek, langileon egoerari ez ezik, egoiliarrek eta haien familiek jasotzen duten zerbitzuaren kalitateari eragiten die", gaineratu dute.

San Jose egoitzako langileek behin baino gehiagotan salatu izan dituzte egunerokoan dituzten "oztopoak", eta gogora ekarri dituzte beste behin: batetik, langile gehienak modu partzialean lanean ari direla adierazi dute; bestetik, egoitzak beraiek publikoak izan arren, aldundiarenak alegia, horien kudeaketa esku pribatuetan dagoela, eta beraz, baita langileen kontratazioak ere. "Horrek are gehiago zailtzen du langileon egoera, finean, enpresarien etekin ekonomikoetara bideratuta egiten baitira aldaketa guztiak". 2016tik "aldatu gabe" dagoen hitzarmena dute han indarrean, eta hango neurriak "oso atzeratuta" daudela salatu dute; izan ere, beharginen arabera, itun horrek langile guztien partzialtasuna onartzen du eta ratio "oso altuak" jasotzen ditu.

Azkoitiko San Jose egoitzakoak ez, baina Zumaiako San Juan egoitzakoak bai, horiek azaroaren 21etik greban daude; dagoeneko 70 egun baino gehiago daramatzate, beraz. ELA sindikatuaren arabera, bi hilabete hauetan ez dute lortu egoitza kudeatzen duen enpresaren eta langileen arteko negoziazioak abiarazterik; kontrara, gutxieneko zerbitzu handiagoak ezarri dizkietela salatu du, eta gaur egun behartuta daudela zerbitzuaren %90 ematera. Ostegunero elkarretaratzen dira Eusebio Gurrutxaga plazan herritarrek jakin dezaten egoitzetako langileek zer-nolako baldintzetan aritu beharra daukaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide