Artedrama eta Axut! konpainiek elkarlanean ekoitzitako Nor naizen baneki lana taularatuko dute bihar Baztartxo antzokian (19:00). Ximun Fuchsek zuzenduta, hark eta Harkaitz Canok idatzitako istorioa taularatuko dute Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreek.
Antzezlanak antzoki baten indusketa arkeologiko bat kontatzen du. Arkeologoek eta adituek antzokiaren historia sekretua aztertzen dute, geruzaz geruza, erromatarren garaitik gaur egun arte. Hari horri tiraka, hausnarketarako bidea irekitzen dute, honako galdera hauek proposatuz: "Nor naizen baneki… Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara? Ez ote da antzerkia barne indusketarako tresnarik onena?".
Sarrerak aurrez salgai daude, zortzi eta hamabi euro artean, Entradium.com webean.