Gipuzkoako adinekoen sei egoitzatan, tartean Zumaiako San Juan egoitzan, greba mugagabea ari dira egiten, lan hitzarmena berritzeko 2024an hasitako negoziazioak eten ondoren. Egoerak "aurrerapausorik gabe" jarraitzen duela argudiatuta, greba mugagabeaz gain, ELAk sektoreko beste bi greba egun deitu ditu datorren ostegun eta ostiralerako, eta aldarrikapenekin bat eginez, Azkoitiko San Jose egoitzako langileek elkarretaratzea deitu dute etzirako: 18:00etan, eliz atarian elkartuko dira.
Azkoitiko San Jose egoitzako langileak ez daude greban, eta azaldu dute "errealitatean" ez dutela horretarako "aukerarik", gutxiengo zerbitzuak bete behar dituztelako: "Greba egunetan bete beharreko zerbitzu minimoak egunerokoan dugun lan kargarekin parekatuta daude. Hau da: egunerokotasunean erabiltzaileei ematen diegun zerbitzua greba egoera “berezi” batean soilik egon beharko litzatekeena da. Horrek, langileon egoerari ez ezik, egoiliarrek eta haien familiek jasotzen duten zerbitzuaren kalitateari eragiten die", gaineratu dute.
San Jose egoitzako langileek behin baino gehiagotan salatu izan dituzte egunerokoan dituzten "oztopoak", eta gogora ekarri dituzte beste behin: batetik, langile gehienak modu partzialean lanean ari direla adierazi dute; bestetik, egoitzak beraiek publikoak, aldundiarenak, izan arren, horien kudeaketa esku pribatuek daramate, eta beraz, baita langileek kontratazioak ere. "Horrek are gehiago zailtzen du langileon egoera, finean, enpresarien etekin ekonomikoetara bideratuta egiten baitira aldaketa guztiak". Horrez gain, 2016tik "aldatu gabe" dagoen hitzarmena dute han indarrean, eta hango neurriak "oso atzeratuta" daudela salatu dute; izan ere, beharginen arabera, itun horrek langile guztien partzialtasuna onartzen du, eta ratio "oso altuak" jasotzen ditu.