Puntako bertso saio batekin hasiko ditu Maxixatzenek 30. urteurreneko ospakizunak

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 21a

Andoni Egaña bertsotan.

Maxixatzen elkarteak bertso saioa antolatu du otsailaren 21erako. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Eneritz Artetxe azkoitiarra ariko dira bertsotan.

Maxixatzen euskaldunon elkarteak 30 urte betetzen ditu aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat ekintza egingo dituela iragarri du. Puntako bertso saioa izango da horietan lehenengoa. Otsailaren 21ean egingo dute, 19:00etan, Floreaga ikastetxeko aretoan. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Eneritz Artetxe azkoitiarra ariko dira bertsotan. Gai jartzaile lanetan, berriz, Amaia Ugalde ariko da.

Elkarteak azaldu duenez, 1999ko otsailaren 20an antolatu zuten bertso saio baten replika izan nahi du urteurreneko saioak. Orduko hartan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Jon Sarasua aritu ziren bertsotan, Laxaro Azkunek jarritako gaiei erantzunez.

Otsailaren 21eko saiorako sarrera orokorrak 10 euroko kostua izango du, eta euskara elkarteko kideek, berriz, 5 eurotan eskuratu ahal izango dituzte. maxixatzen@maxixatzen.eus helburura idatzita edo 675 857 111 telefonora WhatsApp mezu bat bidalita erreserbatu daitezke sarrerak. Egunean bertan jaso ahalko dira sarrerak saioko lehiatilan, eta bertan erosteko aukera ere egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide