Jesus Maria Kintela futbol jokalari ohia hil da

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 20a

Kintela, Athleticeko jokalaria zenean. (Athletic futbol kluba)

60ko hamarkadaren hasieran Athletic futbol klubeko lehen taldean aritu zen azkoitiarra, Espainiako Lehen Mailan. Haren oroimenez, Athleticeko jokalariek besoko beltz bat eramango dute Sevillaren aurkako ligako partidan. Gaur izango da hileta elizkizuna. 

Jesus Maria Kintela futbolari ohia zendu zen atzo, astelehena, 85 urterekin. 60ko hamarkadaren hasieran Athletic futbol klubeko lehen taldean aritu zen azkoitiarra, eta Bilboko taldean ibilbide motza egin bazuen ere, emankorra izan zen han egindako lana. 

Etxean bertan hasi zuen futbol ibilbidea Kintelak, eta Anaitasunatik Indautxura egin zuen jauzi ondoren, harik eta 1961ean Athleticek fitxatu zuen arte. Urte hartako irailaren 24an, beraz, Espainiako Lehen Mailako Ligan egin zuen debuta azkoitiarrak Bartzelonaren aurka jokatutako partidan, eta elastiko zuri-gorriarekin, Juan Antonio Ipiña entrenatzailearen aginduetara aritu zen denboraldi hartan. Guztira, ligako hamabi partida jokatu zituen Kintelak Athleticekin, eta sei gol sartu. Ondorengo denboraldian bigarren mailako Indautxura itzuli zen, eta 1963-64 sasoia berriz Athleticen igaro zuen, baina partidarik jokatu gabe. Bigarren mailan lehiatzen zen Osasuna taldean egin zituen azken urteak, eta 1966-67 denboraldian hartu zuen erretiroa. 

Kintelaren oroimenez, Athleticeko gizonen lehen taldeko jokalariek besoko beltz bat eramango dute datorren larunbatean Sevillaren aurka jokatuko duten ligako partidan, klubak berak jakinarazi duenez. 

Haren aldeko hileta elizkizuna, berriz, gaur izango da 19:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide