"Ezinak barrua jaten digu"

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 20a

Unai Mitxelena eta Santi Carrasco langileak, Juaristi enpresaren aurrean. (Urtzi Oteiza)

Dagoeneko urtebete pasa luzatu den lan gatazka betean, Juaristiko langileek itxaropen gutxi dute enpresaren etorkizunean. Inpotentzia sentipena nabaria da haien artean.

Urtebete baino gehiagoz ia erabat geldirik dagoen Azkoitiko Juaristi enpresako langileen egoerak dramatikoa izaten jarraitzen du. Carlos Juaristi nagusiak zorrak pilatzen jarraitzen duela adierazi dute langileek, eta haiek lanik egin ezinda igarotzen dituzte aldi baterako lan erregulazio espedientearen pean dagozkien lanegunak. Inpotentzia sentipena orokortua da haiengan, zuzendaritzarekin harremana hautsita, nagusien eskutik enpresaren inguruko "inolako informaziorik ez" dutelako jasotzen. Egoeraren aurrean, auzibidera jo dute beharginek, epaileak lan kontratuak azkentzeko baimena eman dezan, eta hala, beharginek dagozkien soldatak eta kalte ordainak jasota, langabeziara jo dezaten. Bizitzen ari diren egoera "beltzaren" berri eman dute horietako bik: Unai Mitxelenak (Azkoitia, 1982) eta Santi Carrascok (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968).

Gatazkaren sorrerara joanda, langileek adierazi dute 2024ko azaroan hasi zela enpresaren egoera okertzen, baina aurretik ere hasiak zirela antzematen "modu hartara" enpresak ezin zuela negozioa taxuz aurrera atera. "Lan asko genuen, baina ezin genuen hura aurrera atera, nagusiek esaten baitziguten ez zutela horretarako dirurik". Sinesgaitza iruditzen zaie ordura arte enpresak izan zuen bilakaera; "inoizko salmenta handienak" izatetik, "dirurik ez" edukitzera igaro zen, arduradunen hitzetan. Antolakuntza aldetik ere "gabeziak" sumatzen zituzten beharginek, ikusten baitzuten "guzti-guztiak" nagusiaren eskutik igaro behar zuela. Ehun langileko lantegia zen sasoi hartan Juaristi, eta Mitxelenaren zein Carrascoren hitzetan, halako enpresa batek ezin du bideragarria izan pertsona bakar batek antolatuta. "Falta zen lana eskuordetzea eta gu, langileok, kontuan hartzea".

Ordutik, arazoa handitzen joan dela ikusi dute langileek, enpresa "dekadentziara" iristeraino: gaur-gaurkoz, hiru soldata kobratu gabe dituztela azaldu dute langileek, eta enpresak Geroan diru ekarpena egiteko duela, nahiz eta langileei nominetatik kendu BGAE horretarako ekarpena. "Gurea den zerbait kentzen ari zaigu enpresa; dirua harrapatu baligu bezala sentitzen gara". Bestalde, aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatu du enpresak beste sei hilabeterako, baina erreklamazioa aurkeztu dute langileek, neurria atzera botatzeko eskatuz; oraingoz, Lan Ikuskaritzaren erabakiaren zain daude. 

Giroa, "mingarria" 

Ezbairik gabe, gaur oso bestelako itxura du makina-erremintaren arloan erreferentea izan den enpresa historikoak. Mitxelenak zein Carrascok 22 eta 18 urte daramatzate Juaristin lanean, eta etsita kontatzen dute orain bizitzen ari direna. Ezin sinetsita ere bai, hitzak aurkitu nahian, behin eta berriz errepikatzen baitute oraindik "kostatu" egiten zaiela egoera zein den onartzea: lan erregulazio espediente pean daudenez, astean bitan joaten dira lantokira; baina nagusiak "lana egiteko materialik" eramaten ez duenez, "egonean" igarotzen dute lanaldia: "Etortzen gara, fitxatzen dugu, eta geldirik egoten gara. Egiteko dagoen apurra egiten dugu, eta kito. Izan ere, lanik eta lana egiteko materialik ez digute ekartzen, makinak ateratzeko egon arren", dio Mitxelenak.

Horrela igarotzen dute lanaldia, astero, eta elkarri kontuak kontatzen igarotzen duten denboran burua beti leku berera joaten zaiela diote; bizitzen ari diren lan gatazkaz hitz egiten amaitzen dute, beti. "Lantegira etortzen zara, eta batek esaten dizu: 'Enpresaz hau entzun dut'. Eta besteak: 'Nik beste hau entzun dut'. Baina zuk ez dakizu ezer, ez dakizu nagusiaren benetako intentzioak zeintzuk diren, eta horrela, hondoratzen joaten zara", dio Carrascok. Mitxelenak ere azpimarratu du giroa "oso mingarria" dela, eta halakoetan, egoerak behartzen duela burua "lan asko" egitera. "Animoz gastatzen ari gara, zeharo. Egun batean ikusten duzu lankideren bat behea jota dagoela, eta hura animatzen saiatzen zara, baina hurrengoan beste hori da zu animatzen ari dena".

Lanak eragindako buruko gaixotasunagatik, hain zuzen, hainbat pertsona bajan egon dira afera hasi zenetik, eta zenbaitek urtebete inguru badarama egoera horretan. Carrascok berak ere bajan igaro ditu azken zortzi hilabeteak lanak eragindako depresioagatik, eta berriki itzuli da lanera, bere burua "indartsu" sumatzen zuelako. Ordea, azaldu du "lur jota" sentitzen dela berriro, behin lantegiaren barruan, "etorkizunik ez" duelako ikusten. "Lanera etortzea deprimitzeko modukoa da". Jakin badaki Juaristi enpresako langile "gehienek", batez ere gazteek, "irtenbide ona" aurki dezaketela sektoreko beste hainbat enpresatan ere, baina Carrasco ez da "zaku horretan" sartzen; 58 urte betetzear da. 

Langileak, tantaka joaten

Bien bitartean, enpresa hiltzen ez ezik, husten ere ari da: 2024ko azarotik joan zen irailera arte, lantaldearen %40 joan zen enpresatik, kalte ordainik jaso gabe baina zor dizkieten soldatak jasotzeko zain. Gaurdaino, ia ehun langileetatik 45 galdu ditu enpresak. Besteek han jarraitzen dute, baina salatu dute nagusiaren zorren ondorioak nabari dituztela bizitza pertsonalean, bakoitzaren errealitatea desberdina izanda ere: "Nik hipoteka bat dut, eta alaba bat unibertsitatean", jarri du adibidetzat Carrascok. Gukarekin hitz egin duten biek azpimarratu dute urteetan aurreztu ahal izan dutenagatik eta etxekoen babesagatik egin ahal izan dutela aurrera.

Egoera hain larria izateak eraman du, berriz, Mitxelena "buruz inoiz baino gogorrago" egotera, eta "amaieraraino" iristeko asmoa du hark. Mitxelenak bezala, 40 langile inguruk auzibidea hasi dute Juaristiren aurka, "lotsagarria" baiteritzote "nagusiaren jarreraren ondorioz enpresatik esku hutsik" joan behar izateari. Epaileak lan kontratua azkentzea eskatzen dute langile horiek; modu horretan, behintzat, langabeziara joateko, dagozkien nominak eta kalte ordaina jasota. Pixkanaka ari dira gauzatzen epaiketak: abenduan zortzi langilek eduki zuten, eta urtarrilean beste seik izango dute. Epaiketek aurreikusita bezala jarraitzen badute, apirilean 39 bat langile izango ditu enpresak, eta urtearen amaierarako, hogei besterik ez ditu izango. Izan ere, orain arteko epaiketa guztiak irabazi dituzte beharginek, eta epai bera aurreikusten dute gainontzeko langileentzako ere. Langileek Gukari adierazi diotenez, Carlos Juaristi eta haren abokatuak ez dira ari epaiketetara joaten. Hala eta guztiz ere, zalantza egiten dute nagusiak zor duena ordainduko al duen. "Posible da, gero, nagusiak ezer ez ordaintzea, eta azkenean, Fogasak –Soldatak Bermatzeko Funtsa– ordaindu behar izatea", gaineratu dio langile batzordeak Gukari.

Mitxelenaren arabera, "gogorra" da epaiketetaraino iritsi izana, eta "bizitza guztian ondoan" izan duen jendea agurtzeari ere latza deritzo. Izan ere, hark urrian izango du epaiketa, eta egun hori iritsi arte, aurretik epailearen aurretik igaroko diren beste lankide guztiak agurtu beharko ditu. "Hori ikaragarria izango da". Carrascok, berriz, martxoan izango du epaiketa, baina aitortu du ez dakiela zer egingo duen auzibidean: aurrera edo atzera. Izan ere, berriz gogoratu du hark "adin txarrean" harrapatu duela gatazkak. "Baina zer egin behar dut adin honekin? Non hartuko naute? Eta zer baldintzatan? Beharbada, jubilazioari begira, komeni zait enpresan geratzea eta beste urtebetez behintzat bertan irautea. Baina kasu horretan, ez dakit zertan geratuko naizen". Carrasco bezala adinean gora eginda dauden beste hainbat langile ere badaude Juaristin, beren buruari galdera bera egiten diotenak. 

Zigorgabetasun sentipena 

Auzitegian ez, eta lantegian ere ez dute azkenaldian ikusi buruzagia beharginek. Zuzendaritzarekin duten harremana "hutsa" dela berretsi dute. Gertatzen ari denaren "informaziorik gabe" jarraitzen dute, eta azalpenak eskatuta, maiz erantzunik ez dutela jasotzen diote; are, zenbaitetan erantzun "oso txarrak" ere entzun behar izan dituzte: "'Ez bazaude gustura, hor duzu atea' edo 'arroza jateko garaia heldu da'; halakoak esan izan dizkigute". Zentzu horretan, "tratu oso txarra" jaso dutela azpimarratu dute. "Ez dakigu zer ari den egiten, eta hori da txarrena. Konpromiso handia erakutsi dugu lantegia aurrera ateratzeko, eta tristea da gu kontuan ez hartzea. Bihotzik ez edukitzea da hori".

Hain zuzen, egoeraren aurrean "inolako eskubiderik gabe" sentitzen dira langileak. "Epaileak guri arrazoia emanda ere, ezer ez dugula lortuko ikusten dugu, eta bien bitartean, nagusiari ez zaio ezer gertatzen. Halako erraza al da guztiekin zorretan egotea? Sinesgaitza da hark duen inpunitatea. Bitartean, guri ezinak barrua jaten digu". Mila galderaren artean, garbi dute norbaitek enpresa erosten ez badu, Juaristik ez duela aurrera egingo. Ez dute uste norabide honetan enpresak beste urtebete iraun dezakeenik. Langileen etorkizunaz galdetuta, berriz, barre batek lagundutako hasperen handi bat egin dute biek, erantzuna airean utzi nahian edo; barre egin dute, negar ez egitearren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide