Eraldaketa aterpetzeko borrokaren kontakizuna

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 14a

Luis Larrañaga Piztixe eta Juan Luis Zabala Pipi, abenduan Elkargunean eskaini zuten hitzaldian. (Aitziber Arzallus)

Azkoitian gaztetxearen bueltan borroka egin zuen belaunaldiak bizitakoak jaso zituen Juan Luis Zabalak Galdu arte eleberrian. 30 urte bete dira liburua argitaratu zuenetik.

Hiru hamarkada igaro dira Juan Luis Zabala Pipi Azkoitiko idazle eta kazetariak Galdu arte (Susa, 1996) eleberria eman zuenetik. Denbora ez baita alferrik pasatzen, zimurtu zaio azala 1980ko hamarkadako Azkoitiko gazteen kezkak eta ilusioak aterpetuko zituen gaztetxe bat lortzeko borroka jasotzen duen liburuari, baina orduan bezala, gizartea eraldatzeko gogoari egiten diote ulu gaurko otsokumeek.

Frankismoaren osteko irakinaldian gazteen artean erne ziren mugimendu politikoen izaerak eta zanbuluak idatzi zituen Zabalak fikziozko lanean, eta garai hartan Azkoitian bizi zen giroa, estetika nahiz aldartea jaso zituen. Aldaketarako esperantzaren eta haien begietara existitzen ez zen etorkizunak belztutako "joera autosuntsitzailearen" artean kulunkatzen zen gazte asanblada. "Azkoitiaren kasuan, antimilitarismoa izan zen gazteak bildu eta lokal baten beharra aldarrikatzera eraman zituena. Gerora, talde feminista batu zen, langabetuen taldea ere bazegoen... Gainera, Azkoitiko gaztetxearen bueltan mugimendu autonomoaren eragina nabarmena izan zen. Oro har, ezkerreko ikuspuntu batetik jarduten zuten, eta gizartea aldatzeko gogoa eta esperantza zituzten. Orduko sistemaren kontrako joera zabal bat zegoen", gogoratu du Pipik.

Joera horrekin bat zetozen herriko punkiak, eta asanbladan aritzen ziren haiek ere bai, no future kontsignak haien asmo eraldatzaileak itotzen zituen arren. "Gaztetxean bertan, batzuek gizartea aldatzeko ideologia batetik egiten zuten lan, eta beste batzuk, besterik gabe, modu primitiboagoan egoten ziren han; denaren kontra egoteko modu ez horren ideologikoaren baitan", esplikatu du. Modu batera edo bestera, "inkonformismo erradikal" batek batu zituen guztiak gaztetxea irabazteko bidean.

"Gizartea irekitzen ari zen, aurreko belaunaldiak nahiko itxiak ziren, erlijioari oso lotuta zeuden, eta mundu berri bat etorri zen. Mundu berri horri erantzun bat eman zitzaion gaztetxean"

Udalarekin alferrikako negoziazioak, telebistan jasotako okupazio bat, gaztetxean igarotako gauak, desalojoak, epaiketa, mobilizazioak... Denetarik bizi izan zuten 1980ko eta 90eko hamarkadetan gazte asanbladan militatu zuten herritarrek. Poliziaren eta armada espainiarraren kontrako grafitidun paretek apaintzen zuten eszenatokia, eta Jotakie ala Direccion Obligatoria bezalako rock taldeek jarri zuten garai hartako soinu banda. "Gizartea irekitzen ari zen, aurreko belaunaldiak nahiko itxiak ziren, erlijioari oso lotuta zeuden, eta mundu berri bat etorri zen. Mundu berri horri erantzun bat eman zitzaion gaztetxean", argitu du Zabalak.

Ezin esan orduko borrokek gizartea eraldatzea ekarri zutenik. Hori bai, "egitea tokatzen zen hori egin zen gaztetxean", ziurtatu du idazleak, eta zera gaineratu du: "Bide eman zitzaion irekiera horri, baita arlo batzuetako askatasunari ere".

Zer aldatu den eta zer ez

Argitaratu zenean arrakasta izan zuen Galdu arte eleberriak, eta dagoeneko berri usaina galdu duen arren, oraindik ere interesa pizten du gazteen artean. Liburuak 30 urte bete dituela eta, bertan jasotzen den giro politikoari buruz hitz egin zuen Juan Luis Zabalak abenduaren 19an, Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) gonbidatuta. Belaunaldi desberdinen arteko hartu-eman horrek abagune aproposa eskaini zuen pentsatzeko zenbateraino aldatu diren gauza batzuk hiru hamarkadatan eta galdetzeko, aldi berean, zer gutxi aldatu diren beste batzuk. AGAk hiru urte daramatza gaztetxe bat eskuratzeko borrokan.

Horren inguruan hausnartu ostean, Zabalak erantzun du antolaketa autonomoa dela duela 30 urtetik hona "urtu" den ezaugarrietako bat. "Ez dut esango gaztetxea anarkista zenik, baina asko aldarrikatzen genuen autogestioa eta hierarkiarik gabeko gizarte baten aldeko borroka. Mugimendu autonomoarekin izan ziren ideia batzuk, neurri batean, beste ideologia batzuetan txertatu dira, batez ere ezker abertzalearen ikuspuntuan", esan du. Bestalde, ospatu du "garai hartako langileriak zuen joera autosuntsitzailea" galdu dela, eta gaztetxeak, geroztik, "eraikitzaileagoak" izan direla: "80ko hamarkadako gaztetxeetan indar gehienak momentu txarretan batzen ziren, desalojoetan, adibidez. Baina eraikitzeko momentuan gauzak ez ziren hain ondo joaten. Drogak ere izan zuen eragina horretan, noski".

Galdu arte termometro ona izan daiteke egungo gazte mugimendua nondik datorren eta horrek norantz egin duen egiaztatzeko. "Garai hura bizi zuenak oroitzapen ariketa bat egin dezake liburuarekin, eta ezaguna egingo zaio hor dagoen paisaia humanoa. Egungo gazteei, aldiz, gauza asko ezezagunak egingo zaizkiela pentsatzen dut. Baina ariketa interesgarria izan daiteke hori ere; beti esaten dena: atzera begiratzea ondo dago aurrera begira zer egin erabakitzeko", adierazi du Juan Luis Zabalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide