Asiako Mekong ibaia zeharkatzen bizi izandakoak azalduko ditu Sergi Ricart alpinistak etzi

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 14a

Mekong ibaia. (Freepik)

Anaitasuna mendi bazkunak El rio de los siete nombres dokumentala eskainiko du Elkargunean, eta ondoren, solasaldia izango da haren egilearekin. Gaur, berriz, urteko batzar nagusia egingo du elkarteak. 

Anaitasuna mendi bazkunak bi hitzordu zehaztu ditu aste honetarako: batetik, gaur, asteazkena, urteko batzar orokorra egingo du Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, 19:00etan; bestetik, urteko lehen dokumental eta hitzaldi saioa eskainiko du ostiralean. 

El rio de los siete nombres dokumentala emango dute etzi Elkargunean bertan. Sergi Ricart alpinistak urtebetez Asiako Mekong ibaia zeharkatzen bizi izandako abenturak eta hausnarketak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak. Bidaia horretan Tibet inguruan hainbat bostmilako mendi eskalatu zituen Ricartek, eta 3.000 kilometro bizikletan eginez amaitu zuen bidea, Vietnamen.

Protagonista bera Azkoitiko saioan izango da, proiekzioaren ondotik solasaldia eskaintzeko. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta doakoa izango da. 

Gaur, batzarra

Bestalde, mendi bazkunak gaur, asteazkena, urteko batzar orokorra egingo du Elkargunean. Ohi bezala, iaz egindako ekintzen errepasoa egingo dute batzordeko kideek, eta kontu ekonomikoak aztertuta, aurtengo urterako dituzten asmoen berri emango dute. 19:00etan hasiko da bilera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide