Gaurkotasunez betetako komedia lana etzi, Baztartxon

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 15a

Hormaza eta Apaolaza aktoreak, 'Trajea' antzezlanean. (Txalo Produkzioak)

Txalo Produkzioak konpainiak Trajea antzezlana eskainiko du etzi, Baztartxon. Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza aktoreak dira obra horren protagonistak. Sarrerak Entradium atarian eros daitezke.

Txalo Produkzioak konpainiak Trajea antzezlana taularatuko du etzi, zapatua, Baztartxo antzokian (19:00). Agertoki gainera Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza aktoreak igoko dira, eta bi lagun horiek hiriburu bateko saltoki handi bateko merkealdien lehen eguna izango dute abiapuntu. 

Jendetza tropelean eta kontrolik gabe sartuko da saltoki horretara, eta ezbehar bat jazoko da. Saltokiaren erraietan, segurtasun zaintzaile batek negozio gizon bat galdekatuko du: jantzi bat erostera joango da negozio gizona, baina gertakariarekin zerikusirik izan ote du hark? Galdera horretatik abiatuta, egitateak lausotu egingo dira, eta tentsioa pilatuko da. Itogarria bezain zirraragarria den muntaiak bi pertsonaien arteko aurrez aurrekoan jarraraziko du ikus-entzulearen arreta, botere-harremanak, errua eta erantzukizuna aztertuz.

Ikuslea etengabeko zalantzan mantenduko da antzezlan guztian zehar. Kontsumoaren logika, segurtasunaren izenean ezarritako kontrolak eta banakako erabakien ondorioak mahai gainean jarriko dituzte Apaolazak eta Hormazak, espazio itxi eta estu batean giro klaustrofobikoa sortuz. 

Sarrerak, Entradiumen

Trajea antzezlana ikusi nahi duenak, Entradium atarian eros ditzake ikuskizunerako sarrerak, 8 eta 12 euro bitartean. Dena den, egunean bertan Baztartxoko leihatilan ere salduko dituzte antzezlana ikusteko sarrerak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide