Zortzi ikastaro izango dira aukeran ahalduntzeko ikastaroen edizio berrian

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 12a

Xilografia tailerrean egindako lanekin osatutako erakusketa.

Haurdunaldiko yoga ikastaroa, erditu ondorengo yoga ikastaroa, Hitz-ahalduntzen, xilografia, Berdintasunari puntadak ematen, arteterapia eta Upcycling-Joskintza eraldatzailea eta Gureak ere lekua du tailerrak eskainiko dituzte datozen hilabeteetan. Hilaren 26an amaituko da izen-ematea.

Urtearen hasierarekin, emakumeak ahalduntzeko ekainera bitartean eskainiko dituen ikastaro sorta aurkeztu du Azkoitiko Udalak. Zortzi tailer prestatu ditu, eta horien artean izango da berrikuntzarik; izan ere, Gureak ere lekua du ikastaroa eskainiko dute aurrenekoz, ikus-entzunezkoak egiten ikasteko. Horrez gain, beste zazpi ikastaro hauek ere antolatu dituzte: haurdunaldirako yoga, erditze ondorenerako yoga, arteterapia, xilografia, eta Upcycling-Joskintza eraldatzailea, Berdintasunari puntadak ematen nahiz Hitz-ahalduntzen izeneko ikastaroak. 

Udalak adierazi duenez, emakumeentzako ahalduntze ikastaroak "elkartzeko eta adoretzeko espazioak dira", eta jarduera ezberdinen bitartez "garapen pertsonalerako tresnak eskaintzea" da horien helburua. Udaleko Berdintasun arloak urteko lehen seihilekoan eskainiko dituen ikastaroak, erakundeak ziurtatu duenez, "hausnarketara bultzatuko dute, eta ezagutza eta ongizate pertsonala sustatzea dute xede".

"Emakume batzuek denbora daramate ikastaro hauetan parte hartzen, eta animatu diren beste askorentzat esperientzia berria eta aberasgarria izango da ", adierazi du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.

Gureak ere lekua du ikus-entzunezko ekoizpen tailer berriaren inguruko xehetasunak eman ditu Zubillagak. Jakinarazi du ikastaro horren bbitartez edukiak sortzeko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituztela parte hartzaileek; "pantailetan ere, emakumeek presentzia eta ahotsa izan ditzaten". 

Hona hemen ikastaro guztien egutegia eta ordutegia:

  • Hitz-ahalduntzen ikastaroa:
    • Urtarrilaren 7tik maiatzaren 27ra, astelehenetan eta asteazkenetan, 15:00etatik 17:00etara, Elkargunean.
  • Haurdunaldirako yoga:
    • Urtarrilaren 12tik ekainaren 22ra, astelehenetan, 18:30etik 20:00etara, Elkargunean.
  • Erditu ondorenerako yoga:
    • Martxoaren 2tik maiatzaren 25era, astelehenetan, 17:00etatik 18:30era, Elkargunean.
  • Arteterapia:
    • Urtarrilaren 30etik martxoaren 27ra, ostiraletan, 17:30etik 19:30era, Kultur Etxeko Sorginen Ganbara aretoan.
  • Gureak ere lekua du ikastaroa:
    • Urtarrilaren 31tik martxoaren 7ra, larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara, Elkargunean.
  • Berdintasunari puntadak ematen ikastaroa:
    • Otsailaren 2tik maiatzaren 7ra; astelehenetan puntua eta kakorratza eta ostegunetan joskintza, 15:15etik 16:45era.
    • Oharra: Bi egunetako bat baino ezin da aukeratu, eta beharrezkoa da josten jakitea nahiz bakoitzak bere makina eramatea.
  • Upcycling-Joskintza eraldatzailea ikastaroa:
    • Otsailaren 24tik maiatzaren 12ra, astearteetan, 15:15etik 16:45era, Kultur Etxeko Sorginen Ganbara aretoan.
    • Oharra: Ez da beharrezkoa josten jakitea.
  • Xilografia
    • Apirilaren 15etik ekainaren 10era, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Etxeko Sorginen Ganbara aretoan.

Izen-ematea, irekita

Dagoeneko eman daiteke ahalduntze ikastaroetarako izena, eta hilaren 26a izango da horretarako azken eguna. Ikastaroetan parte hartzeko interesa dutenek udalaren Udalaren Arreta Bulegoan eman dezakete izena, dagokion formularioa betez, edota Azkoitiko Udalaren webgunearen bidez, honako lotura honetan. Lotura horretan nahiz Udaleko Berdintasun Sailean eskuratu daiteke ikastaroei lotutako informazio guztia. 

Udalak jakinarazi du ikastaroetako plaza kopurua mugatua dela eta gutxienez sei laguneko taldea osatu beharko dela martxan jartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide