Errege Magoen laguntzaileak dozenaka haurren gutunak jasotzen ari dira

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 5a

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen kabalkada hasi aurretik, pajeak herritarren eskutitzak jasotzen ari dira parrokiaren atarian. 

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek Azkoitia bisitatu aurretik, haien laguntzaileak eliz atarian dira herritarren gutunak jasotzen. Pajeak 16:30ean hasi dira horretan, eta dozenaka haur gerturatu dira desioz betetako eskutitzak eramatera, eta trukean, gozokiak jasotzera. Laguntzaileak 18:30ak arte izango dira parrokiaren aurrean. 

Bestalde, 19:30ean hasiko da urteroko hitzordu berezia; hiru Errege Magoen desfilea. Ohiko moduan, Santa Klara komentutik abiatuko dute kabalkada, eta Klara Donea zeharkatuz Balda plazara iritsiko dira. Handik Plazaberrira joango dira, herriko plazara iristeko. Han antzeztuko dute Herodesen pasartea, eta ondoren udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte herritarrak. Kabalkada amaitzeko, Kale Nagusian gora joko dute, eta San Martin nahiz Ibaiondo kaleak lotuta, eliz atarira joango dira berriz Errege Magoak. Jesus haurtxoa gurtzeko tartea hartuko dute orduan haiek; ohi bezala, bertsoekin eta abestiekin amaituko dute kabalkada hiru protagonistek. Guztira, 160 lagun inguruk parte hartuko dute iluntzeko desfilean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide