Azkoitia prest da Errege Magoen bisitarako

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 4a

Hiru Errege Magoak Herodesekin hizketan. (Ane Olaizola)

19:30ean abiatuko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak Santa Klara komentutik. Ohiko ibilbidea izango du haien kabalkadak. 16:30etik 18:30era bitartean, berriz, Errege Magoen pajeek herritarren azken eskutitzak jasoko dituzte, eliz atarian.

Astebetetik gora igaro da Olentzerok eta Mari Domingik Azkoitia bisitatu zutenetik. Bihar, berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen txanda izango da. Arratsaldean iritsiko dira herrira, eta iritsi bezain laster agurtuko dituzte herritarrak. Aurrena, 16:30etik 18:30era bitartean, haien laguntzaileak edo pajeak eliz atarian herritarren azken gutunak jasotzen arituko dira. Iluntzean, 19:30 aldean, hiru Errege Magoak aterako dira kalera; haiek ohiko kabalkada egingo dute zaldiz. 

Udalak azaldu duenez, 160 lagun inguruk parte hartuko dute biharko desfilean. Meltxor, Gaspar, Baltasar Errege Magoez eta haien laguntzaileez gain, desfilean izango dira lastargi eramaileak, armatuak, musika bandako kideak edota kabalkada antolatzen duen Sustatuz taldeko boluntarioak. 

Errege Magoek ohiko ibilbidea egingo dute bihar ere. Santa Klara komentutik aterako dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Zaldi gainera igo eta Klara Donea kalea igaroko dute aurrena. Balda plaza atzean utzita, Plazaberrira sartuko dira gero, eta eliz ataritik barrena, herriko plazara joko dute; han aurkituko dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek Herodesen jauregia. Zalditik jaitsiko dira orduan haiek, eta Herodesekin elkarrizketa bat izango dute. Hark udaletxera igotzeko baimena emango die Errege Magoei, eta une hori baliatuko dute balkoitik herritarrak agurtzeko.

Udaletxea utzi eta plazara jaitsiko dira berriz ere Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Zaldi gainera igoko dira berriz, ibilbidearen azken zatia osatzeko. Kale Nagusian gora joko du kabalkadak orduan, eta San Martin nahiz Ibaiondo kaleak lotuta, parrokia atarira joko dute Errege Magoek. Jesus haurtxoa gurtzeko tartea hartuko dute orduan haiek; urrea, mirra eta intentsua eskainiko dizkiote hari. Ordea, herritarrei azken gozokiak ere banatuko dituzte, etxez etxe opariak banatzen hasi aurretik. Ohi bezala, bertsoekin eta abestiekin amaituko dute kabalkada hiru protagonistek.

Elosura ere bai

Azkoitia eta Bergara (Gipuzkoa) arteko Elosua auzora ere iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. 18:00ak aldean ailegatuko dira haiek hilerri aldeko errepidetik, eta zuzenean, Iriaungo San Andres elizara joango dira, han elkartuko baitira haurrekin. Bi tronpeta-jotzailek eta hainbat danbor jotzailek lagunduta iritsiko dira Errege Magoak Elosura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide