Argiak eta isiltasunak bat egiten dute Basafauna argitan liburuan. Joseba Alberdi Lizarazu (Azkoitia, 1972-Durango, Bizkaia, 2025) zenak kameraren bidez eraiki zuen begirada, naturaren erritmo geldoari eta animalien presentzia apal bezain indartsuari so eginez. Durangon (Bizkaia) bizi zen azkoitiarrak argazkilaritza ez zuen ofizio, baina bai pasio. Natura ulertzeko modu bat zen harentzat argazkilaritza. Basoko bizitzaren testigantza pausatua pazientziaz eta errespetuz jaso ohi zuen.
Goi mailako argazkiak egin ohi zituen Josebak, eta lehen bildumak berak sortutako Basafauna.eus webgunean argitaratu zituen. Azkoitiarrak han egin zituen publiko bere aurreneko irudiak. Animaliekiko eta naturarekiko zuen zaletasuna proiektu batean egikaritzea erabaki zuen hark 2017. urtean, webgune hori zabalduta. "Era profesional batean naturari argazkiak ateratzen hasi zen orduan. Argazkigintza betidanik maite izan zuen Josebak, eta 2017an biak, natura eta argazkilaritza, uztartzea erabaki zuen, Basafauna webgunea sortuz. Ez lanbide moduan, baina bere pasioa era profesional batean lantzen eta zabaltzen hasi zen", adierazi du Ainhoa Ibarrak (Berriz, 1975), Alberdi zenaren emazteak. Durangarraren arabera, Josebak astero publikatzen zuen argitalpenen bat X-n, Instagramen, Youtuben edota Whatsappean, argazkiaren inguruko aipamenen bat eginez. "Jendeak gustuko zuen bere lana, inguruan bazituen-eta jarraitzaileak".
Webgunerako egiten zuen lana gutxi ez, eta argazki liburu bat ontzeko proiektua abiatu zuen Alberdik. Dena den, joan den urteko maiatzean hil zen hura, gaixotasun batek eraginda. Hil aurretik ia osatuta utzita zuen guztia hark, bere argazkiak paperean eta betirako jasota geldi zitezen. Ordea, abiatu zuen proiektua ezin izan zuen amaitu, eta haren ametsari Ibarra emazteak eta arreba Amaia Alberdik (Azkoitia, 1976) eman diote orain argia. Bi horiek, beste zenbait lagunen laguntzarekin, iazko urtea amaitu aurretik kaleratu zuten lana.

Amaiak dioenez, bere anaiak "txikitatik zuen artista ukitua"; marrazteko "dohain berezia" zuen Josebak. "Oso-oso ona zen marrazten. Azkenaldian, gutxiago marrazten zuen, baina gaztetan, asko. Natura eta animalia zalea zen, baina, batik bat, basoko fauna zuen gustuko, animalia basatiak atsegin zituen. Azken urteetan, bere artista ukitua argazkilaritzan sakondu zuen, natura eta basoko fauna uztartuz". Ibarrak ere gogoan du, oporretan joandakoan, Joseba aritzen zela familiako argazkiak ateratzen. "Beti zuen kamera bat esku artean, txikiagoa edo handiagoa, eta beti aurkitzen zuen tarte bat paisaiari edota etxekoei argazki bat ateratzeko".
Joseba Alberdik betidanik izan zuen buruan bere argazkiekin liburu bat ontzeko ideia; hala dio Ibarrak, eta hala azaldu zuen egileak berak ere liburuaren azken orrialdeetan: "2025eko urtarrilean gelditu beharra suertatu zitzaidan, urtebete lehenago detektatutako glioblastomak (garuneko tumore bat) mugimenduak murriztu baitzizkidan. Argazkiak ateratzera joateko gai ez nintzen arren, ahal nuen heinean, gustuko nuenarekin jarraitzen saiatzea erabaki nuen. Buruan aspaldidanik nuen proiektu bati ekin nion: neuk ateratako argazkiez osaturiko liburu bat gauzatzeari", zehaztu zuen egileak bere liburuan.
Gaixotasunaren eraginak sumatzen hasi zenean ekin zion Josebak liburua maketatzeari eta argazkien nahiz testuen diseinua berak nahi zuen eran jartzeari. Ordura arte, azkoitiarrari "zaila" egiten zitzaion proiektuari ekiteko denbora lortzea. "Kostatu egiten zitzaion tartea ateratzea, lana, etxea eta familia zaindu behar ziren eta", esan du haren emazteak.
Liburua egileak berak egin zuen, iazko martxoan. Aurretik aterata zituen argazki batzuk eta liburuaren ideia gauzatzen hasten zenerako gordeta zituen beste batzuk erabili zituen azkoitiarrak argitalpena osatzeko. "Argazkiak atera, horiek txukundu eta gorde egiten zituen", dio haren arreba Amaiak. Egileak berak egin zuen argazkien aukeraketa; horrekin hasi zuen liburua osatzeko lanketa. "Zein animaliari buruz hitz egin nahi zuen erabaki eta animalien zerrenda osatu zuen argazkiekin. Irudiak aukeratzeari ekin zion gero, eta aukeratutakoan, hari lotutako testu bat idazten zuen. Testuetan animaliaren ezaugarriak edota animaliei argazkia ateratzera joandakoan haiekin izandako bizipenak jasotzen zituen".
Lanari bukaera, etxekoek
Liburua osatu, txukundu, ondu... egileak berak egin zuen liburuari zegokion lanketa guztia. Proiektua amaitzea, baina, senideen kontua izan da. "Krokis bat zuen eginda; pentsa, diseinu guztia berak egin zuen. Esaterako, argazkien bueltan zer-nolako hutsunea utzi behar zen kalkulatuta utzi zuen, baita testuek nahiz argazkiek non joan behar zuten ere. Berak diseinatu zuen bere liburua", azaldu du haren arrebak.
Hil baino lehen eman zituen Josebak argitalpenari argia emateko azken pausoak, baina heriotzaren ostean, senideek hartu zuten lekukoa. Garaia iritsi zitzaienean, senideek ez zuten zalantzarik egin; Josebak ordura arte egindako lanari bukaera ematea erabaki zuten. "Guri inprimatzea besterik ez zitzaigun gelditu. Hil aurretik ere inprimategi bat baino gehiagorekin hitz egin genuen argitalpenaz; bi lekutara bidali genuen liburua, bueltan beren proposamenak jasotzeko asmoz. Guk jarraipena besterik ez diogu eman kontuari", dio Amaiak. Bide beretik jo du Ibarrak ere: "Testuak zer forma edo tamaina izan behar zuen erabaki dugu bakarrik. Liburuaren itxura ikusi, hura zabaldu, eskaerak jaso, eta une honetan, liburuak banatzen ari gara".
"Emozio eta ilusio handia" sentitu zituzten etxekoek liburua kaleratu eta gero. "Poz handia sentitu genuen bere proiektua amaitu genuelako, berak egin nahi zuena lortu genuelako. Oroitzapen oso onarekin gelditu gara, liburua egiteko ordu asko igaro genituen-eta elkarrekin. Guztion artean erabakitzen genuen zer-nola jarri. Liburu ederra utzi digu", azaldu du Amaiak. Ordea, prozesuan zehar "hutsune handia" sentitu dute haren etxekoek, Josebaren falta.

Animalien begiradak izoztuta
Animaliak ditu oinarrian Alberdiren liburuak; animaliak eta haien begiradak, hobeto esanda. "Animalien begirada erakutsi nahi zuen Josebak liburuan, bere argazkietan animaliak kamerari begira ikus daitezke eta. Bere argazkiekin erakutsi nahi izan zuen gure inguruan zenbat animalia bizi diren, zeinen politak diren, nolakoak diren…", adierazi du Amaia arrebak. Besteak beste, belatzak, oreinak, okilak, katagorriak, orkatzak, saiak, belatxingak, urubiak, otsoak eta saguzarrak ikus daitezke liburuan.
Euskal Herrian bizi diren animalien ezagutzan sakontzeko gonbidapenaz gain, Josebaren liburuak pausa bat eskaintzen du, eguneroko zurrunbilotik atera eta begirada guztiak naturan ezartzeko aukera, alegia. Hala azaldu du Amaiak: "Mendian gaudenean, momentutxo batez gelditzeko eta inguruari begiratzeko gonbidapena egin nahi izan zigun Josebak liburuarekin. Askotan presaka ibiltzen gara, ez dugu betarik hartzen inguruan dugunari begiratzeko, eta hori ere adierazi nahi izan zigun hark".
Urkiolako Parke Naturala maitea zuen Josebak; izan ere, parke horretan ateratako argazkiak eta hura "liluratu" zuten inguruko beste hainbat parajetako argazkiak ikus daitezke liburuan. "Durangon bizi zen Joseba, eta Urkiola gertu gelditzen zitzaionez, argazki asko han inguruan ateratzen zituen. Oso kutuna zuen Urkiola ingurua". Era berean, Pirinioetan ateratako argazkiak ere ikus daitezke, baita Poloniako Bialowiezako Parke Nazionaleko bisonte bati ateratakoak ere; azkoitiarrak hango bisonteei argazkia ateratzea zuen xede, eta propio egin zuen bidaia Poloniara.
Animalienganako errespetu handia erakusten dute haren argazkiek, haien ingurunearekiko errespetua eta hurbiltasuna. Amaiak eta Ibarrak nabarmendu dute "pazientzia handia" zuela Josebak, animalien begirada lortzeko, "haiek bere ingurura gerturatzeko zain" egoten baitzen hura. "Argazkiak atera aurretik ere lanketa handia egiten zuen, animalien aztarnen bila ibiltzen zen eta. Aztarnen bidez animalia non ibiltzen zen, zer jokaera zuen eta zer ordutan mugitzen zen jakiten zuen", dio Amaiak.

Bere etxeko azokan
Durangoko liburu eta disko azokan ere izan du Alberdiren lanak bere lekua, eta senideen arabera, "harrera oso ona" izan du. Alberdiren etxekoek ez zuten liburua Durangora eramateko asmoz kaleratu, baina, kasualitatez, haren argitalpenak azokarekin bat egin zuen. "Ez zen aurrez pentsatua genuen zerbait, baina Josebaren liburua kaleratu, aleak jaso eta banatzen hastearekin batera, Durangoko Azoka egokitu zen. Durangaldeko sortzaileen erakusmahaian izan zuen liburuak bere txokoa", azaldu dute.