Mari eta Montessori egurrezko jolasen parkea izango da bihar, Elkargunean

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 1a

Ume bat, iaz, Elkargunean jolasean. (Guka)

11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara zabalduko dute gune hori haurrentzat. Hezkuntza propioa garatzen laguntzen duen Montessori materiala erabiltzeko aukera izango dute umeek.

Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak Gabonetarako antolatutako ekintzen barruan, Mari eta Montessori egurrezko mitologia jolasen parkea izango da bihar, ostirala, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara zabalduko dute gune hori haurrentzat. 

Publiko guztiari zuzendutako jolasak aurkituko dituzte haurrek bihar Elkargunean, baina, nagusiki, hezkuntza propioa garatzen laguntzen duen Montessori materiala erabiltzeko aukera izango dute 0 eta 3 urteko umeek; txokoka antolatuko dute Elkarguneko areto hori. "Esperimentatzeko edota zentzumenak zein bizipenak manipulatzeko diseinatuta daude jolasak, eta horien erabilerak norbere izaera eraikitzen laguntzen die haurrei", azaldu du Gazteria sailak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide