Artola eta Imaz nagusi, Etxeberriaren eta Rezustaren aurka

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 30a

Iñaki Artola, sake bat ateratzen. (Ioannes Garate)

Txapelketako orain arteko partidarik gogorrenetakoa jokatu dute bi bikote horiek gaur, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Guztira, 791 pilotakada eman dituzte lau protagonistek ia ordu eta erdira iritsi den lehian.

Iñaki Artolak eta Ander Imazek irabazi dute gaur, asteartea, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu duten eskuz binakako txapelketaren zazpigarren jardunaldiko partida. Baiko enpresako bikotea 22-19 nagusitu da Aspekoen aurka. Jende ugari bildu da gaur herriko frontoian, sarreren hiru laurden inguru saldu baitira jaialdia bertatik bertara ikusteko. 

Partida gogorra, eta, espero bezala, estua jokatu dute bi bikoteek. Guztira, 791 pilotakada eman dituzte lau protagonistek ia ordu eta erdi iraun duen lehian. Artolak eta Imazek –gorriak– 13-3 hartu dute aurrea, hamar tanto jarraian egin eta gero. Dena den, Etxeberriak eta Rezustak –urdinek– tanto ilara luzea egin dute segidan; aurrena, 18-15 jarri dira markagailuan, eta gero, 20-18. Azkenean, gorriek lortu dute garaipena.

Peio Etxeberriak 11 tanto egin ditu, baina galdu ere asko: hamar. Gainerakoan, Artolak sei tanto amaitu ditu, Rezustak bakarra, eta bat ere ez Imazek. Gaur garaipena lortuta, Artolak eta Imazek txapelketako laugarren garaipena pilatu dute. Aldiz, bakarrarekin gelditu dira Etxeberria eta Rezusta. 

Partida nagusi horren aurretik, promozio mailako partida bat ere izan da Gurean, hura txapelketatik kanpokoa. Julen Egiguren Egiguren V.ak eta Joseba Aldabek 22-12 hartu dituzte mendean Unai Alberdi Alberdi II.a eta Aimar Morgaetxeberria –Ekain Lizeagaren ordez aritu da–.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide