Artola-Imaz eta Etxeberria-Rezusta bikoteen lehia bihar, Gurea frontoian

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 29a

Peio Etxeberria lau eta erdiko txapeldunak jokatuko du bihar Azkoitian. (Aspe)

A Serieko binakako txapelketako partida izango da biharko jaialdiko lehia nagusia: Artola-Imaz eta Etxeberria-Rezusta bikoteak ariko dira Gurea frontoiko kantxan nor baino nor gehiago. Sarreren hiru laurdenak salduta daude, gutxi gorabehera.

Eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte bihar, asteartea, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (17:00). Batetik, pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketaren zazpigarren jardunaldiko lehen partida jokatuko dute: Baiko enpresako Iñaki Artolak eta Jon Ander Imazek osatuko dute lehiako bikote bat, eta Aspe enpresako Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak, bestea.

Lehia estua espero da bihar Gurean; izan ere, bi bikoteak sailkapeneko beheko postuetan daude. Artolak eta Imazek hiru garaipen pilatu dituzte aurreneko sei jardunaldietan, eta, aldiz, bakarra Etxeberriak eta Rezustak. Aspekoek, berriz, joan den asteburuan eskuratu dute txapelketako lehen puntua, Larrazabal-Mariezkurrena bikoteari irabazita.

Partida nagusi horren aurretik, ordea, promozio mailako partida bat ere izango da Gurean, baina hura txapelketatik kanpokoa. Beste zenbait jaialditan bezala, Azpeitiko pilotariak ariko dira nor baino nor gehiago kantxan: Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarra eta Joseba Aldabe arituko dira batetik, eta Unai Alberdi Alberdi II.a eta Ekain Lizeaga, bestetik.

Entradas Fronton atarian eros daitezke biharko jaialdirako sarrerak. Frontoiak itxura ona hartuko du, sarreren hiru laurdenak salduta baitaude dagoeneko.  kantxako sarrerak 35 euroan ari dira saltzen eta goiko solairukoak nahiz errebotekoak, 25 euroan. Nolanahi ere, egunean bertan ere salduko dituzte sarrerak leihatilan, baldin eta ez badira saltzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide