Urtezahar gauean gai piroteknikorik ez erabiltzeko eskatu du udalak

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 29a

Petardo bat airean. (Pixabay)

Udalak Urtezahar gauean "herritarren eta espazioen segurtasuna" bermatzeko eta "animaliei kalterik ez" eragiteko eskatu die herritarrei.

Beste urte batez, Urtezahar gauean material pirotekniarik ez erabiltzeko eskatu die udalak herritarrei. Erakundeak azaldu duenez, suzko jaurtigai horiek sute arriskuak sor ditzakete, baita bestelako zenbait kalte ere. Udalak horiek saiheste aldera egin die dei azkoitiarrei. "Sugar bati esker, artefaktuak gorantz egiten du, baina ezinezkoa da norabidea kontrolatzea, haizearen menpe geratzen baita hura. Sute arrisku handia sortzen da zuhaitzak dauden guneetan, landa eremuetan, arropak zintzilikatzen diren tokian, instalazio industrial edota energetikoetan", azaldu du erakundeak

Gabonetan ohikoak izaten dira suziri, bengala edo dena delako artefaktu piroteknikoak; herriaren goiko puntetatik nabarmen ikusten dira suzko koloretako suziriak. Honen aurrean, udalak "herritarren eta espazioen segurtasuna" bermatzeko eta "animaliei kalterik ez" eragiteko eskatu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide