Eguberri eguneko festa giroa une batez eten eta Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzera batu ziren atzo plazan, 14:00etan, herritar ugari. Bandera palestinarrak erakutsi zituzten, eta Israeli boikota eskatu zuten.
Elkarretaratzean, antolatzaileek gogoan izan zituzten Gazako nahiz Zisjordaniako herritarrak. "Kristauek etxeetan Belengo estalpea irudikatzen duten egun hauetan, Belenen gaur egun bizi diren palestinarrek bizimodu latza dute. Israelgo estatuak eraikitako harresia dute herriaren bueltan eta kolono israeldarrek eguneroko bizitza jasanezina egiten diete belendarrei", adierazi zuten.
Nabarmendu zuten aste honetan Israelgo gobernuak iragarri duela Zisjordaniak 35 kolonia berri eraikiko dituela, eta ondorioz, berriro ere hainbat familia beren etxeetatik kanporatuko dituztela.
Gazatarrek bizi duten egoera "are okerragoa" dela azpimarratu zuten elkarretaratzearen deitzaileek. "Bi urteko genozidio lazgarria jasan eta gero, gosea, sendagai falta, txikizioa eta kanpin-dendetan bizi beharra dute orain. Giza-laguntza tantaka-tantaka sartzen da Gazako zerrendan, Israelek ez duelako behar adina sartzen uzten. Uholdeak, elurra… denetik izan dute azken hilabete honetan eta egora beldurgarria da bertan", gogoratu zuten.
Adierazi zutenez, euskal herritarrek hainbat modutara egin diezaiokete aurre egoera honi: "Laguntza ekonomikoa bidal dezakegu Gernika-Palestina elkartearen bidez, horretarako ireki den kontu zenbakira; Palestinako banderak jarri ditzakegu balkoietan palestinarrei elkartasuna adierazteko eta ez garela ahazten esateko; eta azkenik, Israeli boikota egin behar diogu!"