Luken Orbegozo izendatu dute urteko kirolari onena

Aitziber Arzallus 2025eko abenduaren 20a

Hogei kirol modalitatetako beste horrenbeste kirolari saritu dituzte euren arloan nabarmendu direlako, eta horien artetik bati, Luken Orbegozori, urteko kirolari onenaren saria ematea ebatzi dute Elkarguneko ekitaldian parte hartu duten kirol elkarteek, udal ordezkariek eta kazetariek.  

Urtearen hondarrean ohitura duen moduan, aurten gehien nabarmendu diren kirolariak saritu zituen Azkoitiko Udalak atzo arratsaldean, Elkargunean egindako ekitaldian. Hain zuzen ere, hogei kirol modalitatetan aritzen diren beste horrenbeste lagunek jaso zuten aitortza, eta ondoren, hogei horien artetik bat hautatu zuten Elkargunean bildutakoak, urteko kirolari onenaren saria emateko. Luken Orbegozo izan zen boto gehien eskuratu zituena; eta horrenbestez, harentzat da aurtengo kirolari onenaren titulua. Berak ezin izan zuen ekitaldian egon, eta arrebak, Albak, jaso zuen garaikurra. Kirolari onenaren saria jasotzea lorpen handia dela nabarmendu zuen, eta "pozik eta harro" daudela anaia egiten ari den ibilbidearekin.

Ekitaldiaren funtsa betikoa izan bazen ere, formatua aldatuta gauzatu zuten atzokoa. Sonia Vazquez Kultura zinegotziak egin zituen aurkezle lanak, eta Jone Larrañaga abeslaria eta Julene Iturbe bertsolaria arduratu ziren ekitaldiari giro pixka bat jartzeaz. Tartean, hitzartzeak ere bai. Ana Azkoitia alkateak kirolariei duten meritua aitortzeko baliatu zuen tartea. "Instalazio, kudeaketa eta finantzazioa, talde lana, komunitate osasuna edota kirolari lotutako beste hainbat gaiez gain, kirolak poza eta negarra ere baditu, arrakastaren gozoa eta porrotaren mikatza. Zuetako bakoitzari asko eskatzen zaizue, eta asko eskatzen diozue zuen buruari. Sakrifiziorako ahalmena egunero jartzen duzue proban. Egunero neurtzen zarete. Eta hori ez da beti eramanerraza izaten, kirolariaren atzean pertsona dagoelako beti". Mugak gainditzea oso ondo dagoela adierazi zuen, baina lehiak lehia, eta ahaleginak ahalegin, kirolaz gozatzeari jarri zion azpimarra,  "eta ez bakarrik une arrakastatsuenetan".

Igor Isuzkiza Kirol zinegotziak, berriz, urte guztian klubetan musu truk lanean aritzen diren boluntarioei euren jarduna eskertzeko baliatu zuen aukera, eta ziurtatu zuen udalak ere lanean jarraituko duela herrian kirola egiteko ahalik eta azpiegitura onenak egon daitezen, "denek izan dezaten kirolaz eta kirolaz gozatzeko aukera". Halaber, albiste bat ere eman zuen; hain zuzen ere, kirol teknikari berria hasi dela lanean. Alex Astigarraga azpeitiarra da Azkoitiko kirol teknikari berria, eta lanerako gogoz iritsi dela adierazi zuen zuen Isuzkizak.

Orbegozoz gain, honako kirolari hauek saritu zituzten atzoko ekitaldian, euren arloan nabarmendu direnak izateagatik:

  • Areto futbola: Hector Sanchez
  • Arrantza: Aimar Ansola
  • Atletismoa: Ane Bosch
  • Automobilismoa: Leire Odriozola
  • Boloak: Gorka Etxaniz
  • Ehiza: Julen Amado
  • Futbola: Mikel Barkero
  • Gimnastika erritmikoa: Maite Rodriguez eta Ane Illarramendi
  • Herri kirolak: Aitor Aizpuru
  • Igeriketa: Pello Benitez
  • Karatea: Mikel Yiluo Elortza
  • Kirol egokitua: Luken Orbegozo
  • Kriketa: Mirza Tanevir
  • Mendia: Javier Albizuri
  • Pilota: Iker Epelde
  • Saskibaloia: infantiletako erremdimendu mailako Marmoles Aztiria taldea
  • Tenisa: Naia Aranbarri
  • Duatloia: Ignacio Cruz Larrañaga
  • Txirrindularitza: Nahikari Oria
  • Xakea: Juan Carlos Valor

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide